Asier Oliveirak (Zumarraga, 1994) txapelketa herrikoiko bederatzi edizioetan parte hartu du. Final guztiak jokatu ditu eta sei txapel irabazi ditu. Aurten ez du parte hartuko.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2023/11/img_6730.jpg)
Nolatan pilotaria?
9-10 bat urterekin hasi nintzen, Urretxuko pilota eskolan. Haur mailan utzi nuen, atletismoarekin uztartzea ezinezkoa egiten zitzaidalako. Baina pilotarekin harremanetan jarraitu nuen: lagunekin jokatzen nuen, Xabi Erostarbe kuadrillakoa dut…
Atletismoa egiten zenuela esan duzu.
Distantzia luzeetan aritu naiz beti. Kros denboraldia egiten nuen eta pistan 800 metrokoa egiten bukatu nuen. 17 urterekin utzi nuen, unibertsitatean hasi nintzenean.
Ze ikasketa egin zenituen?
Psikologiako gradua egin nuen. Zerbait aukeratu behar nuen, psikologia interesgarria iruditzen zitzaidan eta nire lehen aukera izan zen. Unibertsitatean gustura aritu nintzen eta ikasi nuen horretan lan egiten dut. Beasaingo adinekoen egoitzan lan egiten dut, baina enpresak eguneko zentro batzuetara ere bidaltzen nau: Getariara, Oriora eta Astigarragara.
Gustura al zabiltza?
Oso lan interesgarria eta polita da. Adinekoekin lan egitea nire erabakia izan zen. Izan ere, aitonaren etxetik amonaren etxera joaten nintzen bizitzera. Horrek bideratu ninduela uste dut.
Nola ikusten duzu adinekoen zainketa?
Adinekoen egoitzetan bizi direnek konpainia behar dute batez ere. Nire lana balorazio kognitiboa eta afektiboa egitea da batez ere, baina gehien eskertzen dutena beraiekin egotea da. Ez dago zertan psikologo lana edo terapia egin. Izan ere, batzuk familiaren babesa sentitzen dute, baina beste batzuk ez. Langileok babes hori emateko gaude.
Lanetik kanpo, pilota da zure zaletasun nagusia.
Ez diot sekula pilotan jokatzeari utzi. Lagunartean jokatzen dut eta Goierri kirol elkartearen pilota eskolako entrenatzailea naiz. Haurrak ginenean, kuadrillako batzuk frontoian bukatzen genuen beti. Pilotarekiko atxikimendua genuen. Pilota atletismoarengatik utzi nuen, baina asteburutan pilotan jokatzen nuen lagunekin eta pilota partidak ikusten nituen.
Lagunekin jokatzeaz gain, pilota txapelketa herrikoian urtero parte hartu duzu.
18-19 urte genituen lehenengoz antolatu zenean. Lagunen artean beti atzeko txokoan jokatzen genuen, pilota goxoarekin. Iñigo Vianaren bitartez Zumarragako txapelketaren berri izan genuen eta lagunok aspaldiko partez txapelketa batean parte hartzea erabaki genuen. Lehenengo hiru urteak Mikel Antiarekin jokatu nuen. Mutikoak ginen garaiak gogoratzeko balio izan zigun eta oso gustura aritu ginen.
Hiru urte horietan finalera iritsi zineten, baina hiru finalak galdu zenituzten. Laugarren txapelketan txapela lortu zenuen, baina beste bikote batekin.
Iñaki Cruzekin jokatu nuen. Berak ere atzeko txokoan jokatzen zuen gurekin. Laugarren urtean Mikelek ezin izan zuen jokatu eta Iñakirekin jokatzea erabaki nuen. Lau edizio jokatu genituen elkarrekin eta lauak irabazi genituen. Erraz esaten da, baina lau urte lau urte dira… Lehen hiru edizioak Pueyok eta Urretabizkaiak irabazi zituzten eta guk beraiei gainditzea jarri genuen helburu bezala. Asmoa, laugarrena irabazi eta gero uztea zen.
Ez zenuen utzi, ordea.
Ez jokatzeko erabakia hartua nuen, baina larunbat gau batean Jon Tapiadorrekin elkartu nintzen eta noizbait elkarrekin jokatzea proposatu zidan. Ezertan geldituko zela uste nuen, baina astelehen eguerdian deitu egin zidan. Aurretik Mikel Antiak berriro berarekin jokatzea proposatu zidan eta ezezkoa eman nion. Hori dela eta, Tapiadorri Mikelekin hitz egin nahi nuela esan zidan. Mikelek lasai apuntatzeko esan zidan.
Seigarren txapela Beñat Ibañezekin irabazi zenuen.
Mikelekin eta Iñaki Cruzekin jokatu ondoren, berarekin jokatzea falta zitzaidan. Izan ere, hiruekin jokatzen dut txokoan. Iaz Urretxuko eta Zumarragako federatuek ere parte hartu ahal izan zuten eta hori oso motibagarria izan zen guretzat.
Zergatik uste duzu irabazi duzula hainbeste aldiz?
Bai Zumarragan eta bai Urretxun atzeko txokoan beti berdinok elkartzen gara. Finalak nortzuk jokatzen dituzten begiratzen baduzu, beti berdinak ageri dira: Urzelai, Babarro, Aleman… Ez naiz pilotaria, umetan utzi nion lehiatzeari, baina astero atzeko txokoan jokatzeko ohitura dugu eta horrek eragina du. Beste batzuk txapelketa garaian bakarrik jokatzen dute pilotan. Patroia errepikatzen ari da eta aurten txapelketa ez jokatzea erabaki dut. Iñigo Vianarekin hitz egin nuen eta ondo ulertu zuen. Zerbait aldatzea nahi al nuen galdetu zidan, baina ez dago ezer aldatu beharrik. Txapelketa oso ondo dago antolatuta: aurkezpena egiten da, kamiseta ematen digute, prentsan ateratzen gara… Horrek guztiak motibatu egiten gaitu.
Antiarekin ez duzu txapelik irabazi.
Urtero Ezkioko txapelketan parte hartzen dugu. Oraindik ez dugu irabazi. Zumarragan Ibai Aranburu lehengusuarekin jokatu behar du. Tapiadorrek Beñat Agirre federatuarekin jokatu behar du eta Beñat Ibañezek eta Iñaki Cruzek ez dute jokatu behar. Niri dagokidanez, itzuliko naizela uste dut. Beñatek eta Iñakik elkarrekin jokatzea eta nik berriro Mikelekin jokatzea gustatuko litzaidake, lauon arteko pikea izateko.
Nolako aurrelaria zara?
Tantoa bukatzea asko gustatzen zait. Tantoa gehiegi lantzen denean, pazientzia galtzen dut. Gainera, txapelketako pilotak goxoak dira eta bote motela dute. Piloteoa asko luza daiteke. Originaltasun pixka bat behar da tantoa bukatzeko. Ahal duen gutxi horietan, aurrelariak erasora jo behar du.
Zer diozu zure atzelariei buruz?
Mikel Antiak ez du sekulako kolpea, baina oso pilotaria da. Ondo ikusten ditu aurkariak. Sendoa da. Atzelari-atzelaria da. Ez duzu dejada botatzen ikusiko. Iñaki Cruz pasada bat da. Bi eskuekin kolpea du eta gainera airez oso ondo jokatzen du. Ezinezkoa da berari buruzgain egitea. Gainera, aurrelaria da izatez. Hala, tantoa bukatzeko erraztasun handia du. Jon Tapiador ez nuen ezagutzen. Abila da. Ez du sekulako kolpea, baina ondo moldatzen da bi eskuekin eta azkar korrika egiten du. Beñat Ibañez oso atzelari ona. Osoa eta azkarra da.
Pilotan jokatzeaz gain, Goierri kirol elkartearen pilota eskolako entrenatzailea zara.
Kuadrillakook gabiltza. Gure arteko konfiantza oso lagungarria da. Hasieran esan bezala, umetan pilotalekuan elkartzen ginen. Egun ez dut halakorik ikusten. Alde horretatik, etorkizuna zaila ikusten dut. Bestalde, pilota eskolan haur mailakoak bakarrik ditugu. Arrazoia? Askok futbolera jotzen dutela. Gainera, frontoira etortzen direnak, kuadrilla bezala mugitzen dira. Kuadrilla osoa etortzen da eta ondoren kuadrilla osoa joaten da. Bat edo beste gelditzea lortzen badugu, gustura.