Zurrumurruen aurkako argudioak landu eta ondoren bideoak egingo dituzte
DBH4ko ikasleek zurrumurruen aurkako argudioak landuko dituzte eta ondoren bideoak grabatuko dituzte. Egitasmoa Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak jarri du abian, Iparragirre institutuarekin, La Salle-Legazpi ikastetxearekin, Urretxu-Zumarraga ikastolarekin eta Alanbike zentroarekin elkarlanean. Helburua gazteen arteko arrazismoa eta xenofobia gutxitzea da, beraiek erabiltzen dituzten trenez eta hizkuntzaz baliatuz.
Proiektua gaur aurkeztu dute. Ekitaldian Yara Urtaza institutuko zuzendariak, Mikel Garcia La Salle-Legazpiko zuzendariak, Markel Garralda ikastolako zuzendariak, Oihana Merino Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak eta Maialen Fidalgo zinegotziak parte hartu dute.
Duela urtebete Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia 2023ko estrategia lantzen hasi zen eta fokoa gazteengan eta teknologia berriengan jartzea erabaki zuen. Hala, talde eragilea sortu zuten eta prozesua martxan jarri zuten.
Prozesuak hiru fase ditu. Lehenengo, egoeraren diagnostikoa egin dute: zurrumurru indartsuenak detektatu dituzte. Ondoren, Merino eskoletara joan da eta aurreiritziak eta diskriminazioa nola prozesatzen dituzten aztertu du. Hurrengo pausoa zurrumurruak desegiteko bideoak egitea izango da. Talde bakoitzak zurrumurru bat landuko du, nola desaktibatu aztertuko du eta bideoa egingo du.
Gaur, egitasmoarekin batera, egitasmoaren kartela aurkeztu dute. Ibane Cerezo herriko artistak egin du. Bertan aniztasun ezberdinak ageri dira: gorputz aniztasuna, kultur aniztasuna… Prozesuaren amaieran gazteek egitasmoaren irudia duen motxila bat jasoko dute.
Urtazak egitasmoa “interesgarria” eta “beharrezkoa” dela eta ilusio handia dutela azaldu du. Garraldak proiektuak irizpide kritikoa garatzeko balioko duela aipatu du eta ikastetxeek elkarrekin lan egitea oso garrantzitsua dela esan du. Garciak oso egitasmo garrantzitsua dela esan du eta gazteen parte hartzea txalotu du. “Beraiei galdetzea eta lanketa beraiek egitea altxorra da”.