Irrika elkarteak 50 urte bete ditu. Larunbatean urteurreneko azken ekitaldia egingo dute: 13:00etan, elkartean bertan, Irrika eta Eitza, 50 urte elkarren beharrean bideoa aurkeztuko dute.
Bideoa Gattikenek egin du. Bertan, elkartearen sorrera kontatzen da eta Anita Izagirrek eta Bixi Garziandiak garai hartako Eitza nolakoa zen azaltzen dute (garai bateko dendak, auzoaren hazkundea…). Eitzako Jai batzordeko kideek elkarteak auzoko festekin duten loturaren berri ematen dute eta Santa Isabel jaiek ere bere tokia dute. Izan ere, dantzariek, txistulariek, agintariek eta gainontzeko herritarrek urtero geldialdia egiten dute Eitzan Antiora bidean eta Irrika elkartekoek gosari txikia ematen diete. Gainera, aurten Irrikako bazkideek irakurri dute Santa Isabel jaietako pregoia. Bideorako garai bateko argazki asko jaso dituzte.
Larunbatetik aurrera Irrikari buruzko bideoa Otamotzen ikusgai egongo da.