120 etxebizitza egingo dira guztira: 76 promozio librekoak eta 44 babes ofizialekoak
Zumarragako Udalak Sutobal enpresarekin sinatuko duen hitzarmena onartu du osoko bilkuran. Hitzarmen horretan jasotakoaren arabera, Forjas (Kalebarren) eremuan 120 etxebizitza eta plaza handi bat eraikiko dira. 76 etxebizitza promozio librekoak izango dira eta 44 babes ofizialekoak. Obra otsailean hasiko da. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu dute eta EH Bilduk abstentzioa eman du.
Kalebarren hiru eremutan dago banatua: Kalebarren 20raino, Forjas (Kalebarren 20tik aparkalekuraino) eta Ipintza. Sutobalek Piedad 1 eta Kalebarren 2 eta 4ko eraikinak bota zituen eta 27 etxebizitza egin ditu bertan. Obra ia bukatuta dago. Abenduan emango dizkiete giltzak erosleei. Ondoren, Forjaseko obra hasiko du.
EH Bilduko Aritz Elgarrestak abstentzioa ematearen arrazoiak azaldu zituen astearteko osoko bilkuran. “Bere garaian Plan Bereziaren aurka bozkatu genuen, Forjas eta Ipintza elkarrekin garatzea nahi genuelako. Izan ere, horrela aprobetxamendua hobea izango litzateke. Bestalde, 120 etxebizitza gehiegi dira. Plan Berezia onartu zenean dagoeneko 450 etxebizitza huts zeuden Zumarragan eta beste promozio batzuk martxan zeuden. Horretaz gain, 44 etxebizitza babestuak okerrenak izango dira: saihesbidera begira daude. Gainera, Ipintza garatu arte ezin izango da Kalebarrenen atzetik joango den bidea egin. Plan Berezian ez dago ezer berririk: ez etxe tutelaturik, ez kirol berrientzako tokirik… Anbiziorik gabeko proposamena da. Kritikoak gara oraindik, baina Forjasek garapena behar du lehenbailehen eta ez dugu oztopatuko. Horregatik, abstentzioa emango dugu”.
Mikel Serrano alkateak aurka ez botatzea eskertu zien, baina alde bozkatzea gustatuko litzaiekeela gehitu zuen. “Alde batetik gustatuko litzaigukeena dago eta bestetik bideragarria dena. Kalebarren zaharberritzea herritarren aspaldiko eskaera da, baina azken 50 urteetan alkate bakar batek ere ez du lortu. Etxe jabe asko daude eta kirurgia urbanistikoa egin behar izan dugu aprobetxamenduak lortzeko. Gainera, Kalebarrenen adineko jendea bizi da eta eraikin asko ez dira irisgarriak eta egoera txarrean daude. Lehenbailehen egin behar da”.
Babes ofizialeko etxeei buruz ere hitz egin zuen. “Erdigunean ez dugula babes ofizialeko etxerik egiten esan izan diguzue. Forjasen egingo dira, baina errepidetik gertu daudela diozue. Bestalde, hein batean, Forjas eta Ipintza bi eremu bateratu dira: Ipintzarako aurreikusitako babestutako etxeak Forjasen egingo dira. Betikoa egingo dela diozue. Hala da: etxe berriak egin bigarren eskukoak merkatura atera daitezen, ekonomia biziberritu, Zumarraga modernizatu… Instalazioei dagokienez, Badiola enpresako biltegia udalarena da eta bertarako proiektu bat prestatu behar dugu”.