Iñigo Unanue herritarrak eta Kattalin de Pedro gorliztarrak Asiako hego ekialdea eta Hego Amerika zeharkatu dituzte bizikletan. Bihar Bolivian egindako irudiak erakutsiko dituzte Zumarragan, Ostadarren Mendi Asteko azken emanaldian
Iñigo Unanue Bereziartu herritarrak eta Kattalin de Pedro Larrea gorliztarrak zikloalpinismoa egiten dute. Zer den zikloalpinismoa? Bizikletarekin munduan zehar bidaiatzea eta noizean behin mendian ibiltzeko edota eskalada egiteko geldialdiak egitea. Bihar, 19:30ean, Zikloalpinismoa Bolivian ikus-entzunezkoa emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ostadarren Mendi Asteko azken emanaldia izango da.
Unanue umetatik da kirolzalea. «Aitarekin mendira joaten nintzen, lagunekin egun guztia futbolean jokatzen ematen nuen, atletismoa egin nuen, Urolan jokatu nuen…».
De Pedro ez zen horren kirolzalea umetan. «Ez nuen kirolarekin asmatu, mendian eta eskaladan hasi nintzen arte. Pilotekin egiten diren kirol guztietan oso txarra naiz. Beste mundu hau aurkitu nuenetik, asko gozatzen dut kirola egiten. Umetan ere mendira joaten nintzen, baina gurasoek tiraka».
Unanuek urtebeteko eszedentzia hartu zuen eta De Pedrok lana utzi zuen munduan zehar bidaiatzeko eta paraje ezberdinetan alpinismoa eta eskalada egiteko. «Lehenengo Asia hego ekialdera joan ginen. Thailandia, Laos, Kanbodia eta Vietnam ezagutu genituen. Ondoren, Hego Amerikara joan ginen: Bolivia, Peru, Brasil eta Kolonbian ibili ginen. Asian lau hilabete eta erdi eman genituen eta Hego Amerikan sei hilabete eta hamar egun. Joan zen astean hasi ginen lanean», azaldu du Unanuek.
Argi zuten zein kontinentetara joan nahi zuten, baina ez zein herrialdetara. «Herriak eta planak jendea ezagutu ahala aukeratu ditugu. Jende asko dabil gu bezala bizikletan bidaiatzen eta beraien gomendio asko jaso ditugu. Brasil ez zegoen gure planen artean, baina Thailandian Brasili buruz hitz egin ziguten eta hara joatea erabaki genuen», aipatu du De Pedrok.
Bi bidaiak bizikletarekin egin dituzte. «Batzuetan bizikletan eta beste batzuetan bizikletarekin. Asiara eraman nuen bizikleta errepidekoa zen eta bide onetatik ibili ginen. Hego Amerikan asfalto gutxi ikusiko genuela esan ziguten eta graveleko bizikleta eta mendikoa eraman genituen».
Kilometro asko egin dituzte. «Ez ginen dena bizikletan egitearekin obsesionatu. Bizikletan egiteko ibilbideak prestatu genituen, baina autobusa ere erabili genuen. Asiara ez genuen kilometro kontagailurik eraman eta Hego Amerikan ez ginen 3.000 kilometrora iritsiko».
Bi bidaiak oso aberasgarriak izan dira. «Oso herrialde ezberdinak ikusi ditugunez, oso zaila da zerbait azpimarratzea. Bizikletak herrialdeak beste era batera ikusteko aukera ematen du. Hori da azpimarratuko genukeena. Bizikletarekin askoz ere lasaiago bidaiatzen duzu. Gehien gustatzen zaizkigun gauzak ez direla Interneteko gomendio zerrendetan azaltzen ikusi dugu. Bidean aurkitzen dituzun tokiak eta pertsonak dira azpimarragarriena».
De Pedrok bizikleta eta alpinismoa edota eskalada osagarriak direla gehitu du. «Bizikletarekin gauero toki ezberdin batean lo egiten duzu: kanpin dendan, bidean aurkitzen duzun hotel batean, norbaiten etxean… Eskaladan eta alpinismoan, berriz, toki berean zenbait egun ematen dituzu. Hala, atseden hartzeko eta bertako jendea hobeto ezagutzeko aukera duzu».
Bizikletan ibiltzeaz nekatzen zirenean eskalada egiten zuten eta toki berean egoteaz aspertzen zirenean, «abentura gogoa» berpizten zitzaienean, berriro bizikleta gainera igotzen ziren. «Anekdota gehien bizikletarekin bizi izan ditugu, batez ere Hego Amerikan. Izan ere, Hego Amerikako bidaia gogorragoa izan da. Gainera, komunikazioa errazagoa da. Herrixketako jendeak, bizikletan ikusten gintuenean, gurekin hitz egiten zuen. Hurrengo herrira zoaztela? Ez esan! Joan zen astean puma bat ibili zen…».
Boliviako parajeak
Ostadarren Mendi Astean bigarren bidaiaren zatitxo bat erakutsiko dute. «Bolivian ibilbide luzea egin genuen bizikletan. Bi eremu nagusi daude bizikletan ibiltzeko: Sajama ingurua, non sumendi dezente dauden, eta Andeetako Real mendikatea. Bide luze samarra egin genuen, gatz lautada batetik bestera joan ginen eta mendietara ere gerturatu ginen. Abentura handiena bertakoa izan da. Baita gogorrena ere».
Oraindik ez dute erabaki hurrengoan nora joango diren. «Ideia asko ditugu, baina oraindik ez dugu erabaki. Georgia, adibidez, oso egokia da zikloalpinismoa egiteko. Bizikleta erreminta ezin hobea da herrialdeak ezagutzeko. Bidaiatzeko erritmo perfektua ematen dizu», azaldu du De Pedrok. «Pirinioak bizikletan gurutzatzea polita izango litzateke, Argentina ere hor gelditu zaigu, bere garaian Uganda aipatu genuen, Madagascarren sekulako eskalada egin daiteke… Dena den, orain lasai egoteko gogoa dugu», amaitu du Unanuek.