Zumarragako Udalak eta Gizatzen enpresak etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua etetea erabaki dute eta udalak kontratazio espediente berria onartu du
Zumarragako Udalak eta Gizatzen enpresak etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua etetea erabaki dute eta udalak kontratazio espediente berria onartu du. Langileek Gizatzen enpresarekin arazo larriak dituzte eta udalak eta enpresak kontratua etetea erabaki dute. Plegu berrietan jasotakoaren arabera, langileek baldintza hobeak izango dituzte.
Kontratuaren etetea eta kontratazio espediente berria atzoko osoko bilkuran onartu ziren. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Zumarragako Udalak Gizatzen enpresari esleitu zion zerbitzua. Enpresa hau 2020ko azaroan hasi zen lanean eta langileekin hainbat arazo izan ditu. Arazoak ikusita, udalak eta enpresak kontratua etetea erabaki dute.
Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak “urte zailak” izan direla esan zuen. Osoko bilkuran etxez etxeko laguntza zerbitzuko hiru langilek parte hartu zuten eta Gonzalezek beraien lana goraipatu zuen. “Langileek neke handia pilatu dute, baina horrek ez du zerbitzuan eraginik izan, langileen kalitate profesional eta gizatiarrari esker. Mari Carmen Etxaniz ordezkari sindikala aipatu nahi dut, bereziki. Desadostasunak izan genituen, baina beti helburu bera izan dugu. Bilera asko egin ditugu, guztiak errespetuz. Lan horri guztiari esker, hitzarmen kolektiboa lortu duzue. Bertan zuen erreibindikazio guztiak jaso dira”.
EH Bilduko Ainhoa Osinaldek ere langileen lan ona goraipatu zuen. “Hiru urte gatazkatsu izan dira, baina langileek zerbitzu ona eskani dute. Enpresaren jarrera ez da onargarria izan eta mobilizazioak egin dira. Borrokak emaitzak eman ditu. Baldintzak hobetzea lortu dute. Sektore honetan ez dago lurraldeko hitzarmenik eta tokian tokikoa borrokatu behar da. Prekarietatearen beste ondorio bat da. Plegu berriak babestuko ditugu, batez ere langileen baldintzak hobetzen dituztelako. Bide batez, esan hilaren 30eko greba feministarekin bat egiten dugula”.
Etxanizek langileen izenean hitz egin zuen. “Gizatzen enpresarekin borrokan jarraitzen dugu, baina eskerrak eman nahi dizkiet udalbatzari eta bereziki Arantxari. Izan ere, nire haserreak jasan behar izan ditu, baina nire dei guztiei erantzun die. Oso pozik gaude hitzarmen berriarekin. Amesgaizto hau lehenbailehen amaitzea espero dugu. Oso gogorra izaten ari da. 20 urte lanean zeramatzan langile batek lana utzi du. Hiru urtetan enpresak arduradun ezberdinak jarri dizkigu eta azkenean bakarrik utzi gaituzte. Gu ari gara arduratzen zerbitzuaz, erabat”.
Zerbitzua berriro esleitu arte, Gizatzenek jarraituko du. Gaur goizean CCOO sindikatuak prentsa ohar bat igorri du. Bertan, Gizatzenen jabea OHLA multinazionala dela gogoratu dute eta arduragabekeria behin-betiko baztertzeko eskatzen diote Gizatzeni. “Gizatzenek 2020ko azaroaren 1ean hartu zuen kudeaketaren ardura eta ordutik langileekin pilatu dituen zorrak etengabe gora egin du. 2023ko urtarrilean lan egiteari utzi zioten langileek soldata kobratzen eta kotizatzen jarraitzen dute eta lanean daudenek ez dute behar dutena kobratzen. Horrek ondorio larriak ditu kotizazioan eta oporretan. Hasieratik daramagu egoera hau salatzen, baina ez dugu enpresaren arduradunekin harremanetan jartzeko modurik. Soldatak egunean jartzea eta hitzarmena betetzea eskatzen dugu”.