Igandean Gernikako Arbola euskal ereserkiaren lehen batzarra egingo dute Urretxun. Parte hartzaileek Euskal Herriko ereserki gisa aitortua izatea aldarrikatuko dute, bere 170. urteurrenean. Antolatzaileek Gernikako Arbola ideologia guztietako eta zazpi lurraldeetako euskaldunek abestu dutela gogoratu dute eta ez zaie arrazoirik falta. 1953an Iparragirreren kantak 100 urte bete zituen eta, frankismo betean, udalak (aldundiaren laguntzarekin) festa antolatu zuen Urretxun.
Iparragirreren omenezko festa hura 1953ko uztailaren 25ean ospatu zen. 08:00etan Urretxuko bandak diana jo zuen, 09:30ean Gipuzkoako txistulariek alborada egin zuten, 10:15ean agintariei eta gonbidatuei harrera egin zieten udaletxean, 10:30ean meza egin zuten San Martin de Tours parrokian, 12:00etan lore koroa jarri zuten estatuaren azpian eta alkateak hitzaldia egin zuen eta 12:30ean aldundiaren literatura eta musika lehiaketako sariak banatu ziren, agintariek hitzaldiak egin zituzten eta bertaratuek Gernikako Arbola eta Espainiako himnoa abestu zituzten.
Udaletxean bankete ofiziala egin zuten eta 16:00etan “euskal jaialdia” egin zuten Ederrena pilotalekuan. Txistulariek, soinujoleek, dantzariek, bertsolariek eta Tolosako Escolania Felipe Gorriti abesbatzak parte hartu zuten. Bukatzeko, 19:00etan “euskal erromeria” egin zuten plazan, Urretxuko bandak eta Gipuzkoako herri ezberdinetatik etorritako txistulariek lagunduta.
Aldundiak liburuxka bat argitaratu zuen festa iragartzeko eta Juan Tirapu (Mario Pisani) urretxuarrak ale bat du. Otamotzi utzi dio. Horra hor garai hartako agintariek Gernikako Arbola ereserkiaz eta Iparragirrez zuten irudia.