Astelehenetik aurrera deskontu bonuak salgai jarriko dituzte eta abenduaren 22an erosketa baleak zozkatuko dituzte
Bi-Tartean merkatari elkarteak Herrian Erostearen Magia kanpaina antolatu du Gabonetarako, herrian erosteak dakartzan ondorio positiboak ikusarazteko. Kaleak argiz apainduko dira, establezimenduetako ateetan lazo gorri handiak jarriko dituzte, erakusleihoak apainduko dituzte, deskontu bonuak erabiltzeko aukera emango dute, 50 euroko erosketa baleak zozkatuko dituzte, Areizaga-Kalebarren plazan tonbola bat jarriko da eta ostiraletan Ostiral Magikoak ospatuko dira.
Lehenengo Ostiral Magikoa abenduaren 15ean izango da. Tonbola irekiko da eta herritarrek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Argazkilari bat egongo da eta hurrengo egunetan argazkiak dendetan banatuko dira eta jendeak berea topatu beharko du etxera eraman ahal izateko. Argazkia ateratzen dutenen artean txokolatea eta txurroak hartzeko tiketak banatuko dira. Tonbola sari asko banatuko dituzte. Tonbolako boletoak kanpainara atxikitako dendetan banatuko dituzte, erosketak egiten dituztenen artean.
Tonbola urtarrileran 5era arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan goizez eta arratsaldez.
Bigarren Ostiral Magikoa abenduaren 22an izango da. 20:00etan Olentzero eta Mari Domingiren zaku magikoko zozketa egingo da: 50 euroko 10 erosketa bale zozkatuko dira aurreko egunetan zakuan txartelak sartu dituztenen artean. Gainera, gaztainak jateko aukera egongo da.
Zozketarako txartelak astelehenetik abenduaren 22ra arte banatuko dira atxikitako dendetan erosketak egiten dituztenen artean. Txartelak zenbakituta egongo dira. Zakuan uzten dena eta abenduaren 22an norberak daramana bat etorri behar dira saria jaso ahal izateko. 50 euroko erosketa baleak abenduaren 31 baino lehen erabili beharko dira, atxikitako dendetan.
Azkeneko Ostiral Magikoa abenduaren 29an izango da. Haurrentzako atrakzioak egongo dira, 17:00etatik 20:00etara.
Aipatu bezala, deskontu bonuak lortzeko aukera ere egongo da. Bonuek 40 euro balio dute eta 50 euroko erosketa egiteko aukera ematen dute. Astelehenean jarriko dira salgai, Bi-Tartean elkartearen egoitzan (Urretxuko Labeaga 56an): astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan 09:00etatik 17:00etara, asteartetan 09:00etatik 19:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 15:00etara. Bonuak txartelarekin ordaindu behar dira. NANa erakutsi beharko da eta NAN bakoitzeko bonu bat erosi ahal izango da. Pertsona bakoitzak sei NAN erabili ahal izango ditu gehienez. Bonuak kanpainara atxikitako dendetan erabili ahal izango dira eta erosketak gutxienez 10 eurokoak izan beharko dira.