Asteburu honetan 'Gernikako Arbola' ereserkiaren inguruko ekitaldietan parte hartuko dute eta Santa Zezilia ospatuko dute
Goiargi abesbatzak 41 urte daramatza herria girotzen. Festa non, Goiargi han. Asteazkenean Santa Zezilia izan zen eta asteburu honetan Gernikako Arbola ereserkiaren inguruko ekitaldiak egingo dira Urretxun eta, oraingoan ere, Goiargik ez du kale egingo.
Gernikako Arbolaren inguruko ekitaldiei dagokienez, gaur 22:00etan Iparragirre Kantuz jaialdia egingo dute Labeaga aretoan. Goiargik Gontzal Mendibilekin abestuko du.
Ekitaldi nagusia igandean izango da. 11:00etan batzarra egingo dute Pagoeta gune soziokulturalean, 12:30ean kantu jira, 13:00etan manifestua irakurriko dute udaletxeko balkoitik eta ondoren Gernikako Arbola abestuko dute. Goiargik ekitaldi horietan parte hartuko du.
Santa Zeziliari dagokionez, bihar (larunbata) ospatuko dute. 18:00etan Urretxuko San Martin de Tours parrokiako mezan abestuko dute, abesbatzako hildakoen alde. 19:30ean kalejira egingo dute, Urretxu eta Zumarragako txistulariekin batera. Bukatzeko, abesbatzako kideek elkarrekin afalduko dute Ezkiotarra jatetxean.