Gernikako Arbola euskal ereserkiaren lehen batzarra abian da. Atzo arratsaldean Iñaki Lopez de Luzuriaga filologo eta idazleak eta Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia katedradunak Gernikako Arbola euskaldunon ereserkia izendatua izateko dauden arrazoiak azaldu zituzten Urretxuko udaletxeko portaloian. Aurkezle lanak Gernikako Arbola Kantuz elkarteko Iñigo Azkoagak egin zituen.
Gaur, 22:00etan, Gontzal Mendibilek eta Goiargi abesbatzak kantaldia egingo dute Labeaga aretoan. Mendibilek Iparragirreren rola hartuko du eta egun Euskal Herriaren eta euskararen alde egiten ari garen lanari buruzko iritzia emango du. Iparragirreren bizitzan garrantzitsuak izan ziren Anjelak eta Manuelak ere abestuko dute.
Ekitaldi nagusiak igandean izango dira. 11:00etan batzarra egingo dute Pagoeta gune soziokulturalean. Kulturako eta politikako eragileak gonbidatu dituzte. Udalak gainontzeko udal guztiei gutuna bidali die, gonbita luzatuz. Bertaratuek adierazpena sinatuko dute eta ondoren Euskal Herri osotik etorritako kantu jira taldeek kalejira egingo dute, dantzariek eta erraldoiek lagunduta. 13:00etan, Iparragirre plazan, ekitaldi publikoa egingo da. Manifestua irakurriko dute udaletxeko balkoitik eta ondoren Gernikako Arbola abestuko dute. Bazkaldu aurretik, kantu jira taldeek Urretxuko kaleetan abestuko dute. 14:30ean bazkaria egingo dute Ederrena pilotalekuan.