Urretxu eta Zumarragako greba feminista batzordeak agerraldia egin du gaur osteguneko greba feminista orokorrari babesa emateko eta antolatutako egitarauan parte hartzeko deia egiteko. Horra hor irakurri duten testua:
“Gaur hemen elkartu gara Urretxu-Zumarragako eragile sozial, kultural eta sindikaletako kideak azaroak 30ean egingo den greba feminista orokorrari babesa eman eta herrian greba batzordeak antolatutako egitarauan parte hartzeko deia egiteko.
Azaroak 30ean guztiok gaude deituta grebara. Greba feminista orokorrean lantokiak hustu eta kaleak hartu behar ditugu. Baina, haratago doan deialdia da hau.
Greba hau prozesu baten mugarri da. Mugimendu feministak bultzatutakoa, beste eragile sozial eta sindikalekin batera. Zaintza guztion ardura da, zaintza lanak, aitortu eta banatu egin behar dira, eta gizonek erantzukizun handiagoa izan behar dute. Greba Feminista Orokorra deitzea bera, iraultzailea da. Berau deitzeko baldintzak sortzea eta urratsa ematea, arrakasta da. Emakumeok planto egiten, errebelatzen, ari gara eta gizonek dagokien ardura hartzeko, interpelatzeko, modua ere bada.
Ofentsibara eginiko greba da. Zaintzak kolektibizatzearen eta zaintza sistema publikoaren aldeko greba. Guztioi berdin eragiten ez badigu ere, guztion onurarako greba da hau.
Zaintza lanak kolektibizatu eta berrantolatu egin behar dira. Zaintza krisiaren urgentziazko arazoei erantzuteko greba da. Zaintza langileen esplotazio eta prekarizazioari erantzutea lehentasunezkoa izango da.
Langile askok ezin izango dute greba eskubidea gauzatu: etxeko langileak, zerbitzu minimoetan lanean daudenak, egoera prekarioagatik grebara joan ezin diren emakumeak, egoera administratibo irregularrean daudenak… Greba egin ezin dutenengatik ere atera behar gara kalera!
Hori guztiagatik, dei egiten diogu Urretxu-Zumarragako herritarrei azaroak 30ean herri mailan egingo diren ekintzetan parte hartzera.
Zaintza eskubide kolektiboaren alde, azaroak 30ean guztiok grebara”.
Horra hor egitaraua: