'Muevete por los que no pueden' elkarteko Endika Altzelaik piztuko ditu Gabonetako argiak Zumarragan
Ekitaldia bihar (ostirala) izango da: 18:30ean txokolate-jana egingo dute eta 19:00etan argiak piztuko dituzte
Herriko kaleak girotzeko eta merkataritzan kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, Zumarragako Udalak Gabonetako argiak jarri ditu aurten ere. Pizte ekitaldia bihar (ostirala) izango da: 19:00etan, plazan. Ekitaldi solidarioa izango da: argiak Ehlers-Danlos baskularra gaixotasun arraroa duen Erin Altzelairen aitak piztuko ditu, Endika Altzelaik. Erinen familia ‘Muevete por los que no pueden’ elkarteko kidea da. Biharko ekitaldiaren helburua herrian lan egiten duten boluntarioei babesa erakustea eta beraien lana ikusaraztea da. Argiak piztu aurretik, 18:30ean, txokolate-jana egingo dute udaletxeko arkupean eta Gabonetako photocall bat ere egongo da. Argiak piztu ondoren, trikitilariek herriko kaleetan joko dute.