Plastic Energyren egitasmoa bertan behera gelditu den argitzeko eskatu dio UZ Bizik Zumarragako Udalari
UZ Bizi plataformak “plastiko errauskailuaren proiektua” bertan behera geratu den argitzeko eskatu dio Zumarragako Udalari.
Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko iturri ez ofizialek plataformari esandakoaren arabera, Plastic Energy multinazionalaren filiala den Euskadi Advanced Recycling SL enpresak aldundiak emandako lau milioiko diru-laguntzari uko egin dio, beraz, Zumarragan “erraustegia” eraikitzeari uko egin dio.
UZ Bizik dionez, 2021ean publiko egin zutenetik etengabe atzeratzen joan da proiektua. “2022an milioi bat euroko diru-laguntza hitzeman zion jaurlaritzak Plastic Energyri eta horietatik 400.000 jaso zituen obrak 2023ko ekainean hasteko baldintzapean. Multinazionalak filial bat sortu zuen herrian, baina obrak hasi ez zituenez, luzapen bat onartu zioten 2024ko apirilera arte. Gauza bera gertatu da aldundiak martxoan agindutako lau milioiko partidarekin. Urria amaitu baino lehen hasi behar ziren lanean dirua jaso ahal izateko, baina ez da hala izan. Bitartean, Zumarragako Udala etengabe saiatu da Arcelorreko eremua eraldatzeko Plan Berezia onartzen, non Plastic Energyrentzat eremu bat zehazten zen. Azken saiakera urriaren 25ean izan zen, hain zuzen aldundiko diru-laguntzetan zehaztutako epea amaitzear zegoela. Presak medio, ezohiko udalbatza bat deitu zuen udal gobernuak, baina forma akats bategatik bertan behera geratu zen Plan Berezia bozkatzeko puntua”.
Gauzak horrela, UZ Bizik zalantzan jarri du enpresaren inplikazioa. “Jaurlaritzatik milioi bat eta aldunditik beste lau hitzeman badizkiote ere, egin duen bakarra gutxieneko 3.000 euroko kapitalarekin filial bat sortzea eta lau milioiko partida lortzeko hamar orriko txosten bat aurkeztea izan da. Aldundiko teknikarien arabera, txostenak akats tekniko eta zehazgabetasun nabarmenak zituen. Hori gutxi balitz, proiektua saltzeko egindako agerraldi publiko bakar batean ere ez da izan Plastic Energyko ordezkaririk eta, esan gabe doa, proiektua herritarrei aurkeztera ere ez dela inor agertu. Funtsean, politikariak izan dira proiektua zabaldu eta defendatu dutenak eta, hauengan ere, hauteskunde kanpainan erraustegiaren alde erakutsitako irmotasuna eta konfiantza lausotzen joan da hilabeteek aurrera egin ahala. Bereziki, proiektuaren alde agertu den alderdi bakarrak, Zumarragako PSE-EEk, udaleko gehiengo absolutua galdu zuenetik aurka posizionatu diren gainontzeko alderdien mesedetan. Hortaz, UZ Bizik uste du badaudela zantzuak pentsatzeko erraustegiaren egitasmoak ez duela aurrera egingo. Hala eta guztiz ere, ez hedabideen, ez eta instituzioen aldetik, ez da inolako adierazpenik egin guzti honen harira eta, herritarrak informatzeko duen betebeharra oinarri hartuta, Zumarragako Udalari eskatu diote gardentasunez jokatu eta lehenbailehen argitu dezala herritarren osasunarentzako mehatxu larria izan daitekeen proiektu hau zein fasetan dagoen eta, iturri desberdinek baieztatu bezala, bertan behera geratu den ala ez”.