Urteroko moduan, Santa Lutzi bezperan ardo dastaketa komentatua egingo dute Urretxuko udaletxeko portaloian. Manuel Ruiz eta Mikel Garaizabal enologoek gidatuko dute 2023. urteko ardoen dastaketa komentatua. Aurtengo ardo azokan parte hartuko duten upategien ardoak dastatuko dituzte, 19:00etatik aurrera.
Parte hartu ahal izateko txartela erosi behar da kultur etxean. 5 euroren truke upategi guztietako ardoak dastatu ahal izango dira, enologoaren azalpenak jarraituz. Gainera, bi pintxo jan ahal izango dira. Txartelak bihar (asteartea), ostegunean eta hilaren 11n egongo dira salgai, lekuak agortu arte.
Egun berean (18:00etatik 22:00etara) eta Santa Lutzi egunean (09:00etatik 16:00etara) ardo azoka egingo dute Iparragirre plazako karpan. Beti bezala, pintxoak jateko aukera egongo da.
Bai ardo dastaketa komentatuan eta bai ardo azokan Arabako Errioxako bederatzi upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da: Guzman Aldazabal (Nabaridas), Medrano Irazu (Bilar), Labastida (Bastida), Laukote (Guardia), El Mozo (Lantziego), Gil Berzal (Guardia), Berarte (Eskuernaga), Blanco Perez de Azpillaga (Lantziego) eta Muro (Lapuebla de Labarca).