Aiert Zubillaga harrijasotzaile zumarragarrak ere parte hartuko du
Herri kirol elkarteak, bi udalen laguntzarekin, primerako jaialdia antolatu du Santa Lutzi egunerako. 12:30ean izango da, Ederrena pilotalekuan. Bost aizkolarik eta bost harrijasotzailek parte hartuko dute, tartean Iker Vicente txapeldunak. Vicentek Nafarroako txapelketa 18 urterekin irabazi zuen eta Euskal Herrikoa 22rekin. Aurten Euskal Herriko txapelketa eta Nafarroakoa irabazi ditu eta munduko azpitxapelduna da. Berarekin batera, Mikel Larrañaga, Ane Zapirain, Nerea Arruti eta Julen Alberdi arituko dira. Harrijasotzaileei dagokienez, Aimar Galarraga, Olaia Esnaola, Udane Ostolaza, Xiker Larrea eta Aiert Zubillaga arituko dira. Azken hau zumarragarra da eta lehenengoz arituko da Santa Lutzi eguneko jaialdian.
Arratsaldean Urretxu eta Zumarragako 20. idi proba txapelketako finala jokatuko da. 18:00etan hasiko da. Asier Izagirre Ipiñarrietak, Egoitz Armaoleak eta Iker Zubillaga Igeldok parte hartuko dute.