Jon Luquik (Urretxu, 1968) hirugarren agintaldia hasi du alkate karguan. Tokiko Zaintza Ekosistema, Agenda 2030 eta obrak dira agintaldi honetako proiektu estrategikoak.
Nola ikusten duzu herria?
Bizirik eta martxan. Gure helburua zen, hasieratik, Urretxu biziberritzea, hasi Ipeñarrietatik eta Matxinportaraino, Santa Barbaratik Madaiaraino; modu orekatu batean eta herriko zonalde guztiei eta dauden beharrei merezi duten arreta eskainiz.
Herriko sarrera goitik behera aldatzen ari da.
Legazpitik sartuz gero, ikusiko dugu Aparizio auzoa berrituta. Irimo eta Sarraldeko eraikin zaharrak zeuden tokian makinak ikusiko ditugu, aurki zonalde hori berriro ere industriaz beteta egongo da, lanpostuz, eta hori poztekoa da benetan. Industria soilik zegoen Mugitegin, berriz, kulturarekin eta kirolarekin topo egingo dugu, bertako pabiloi batean baitaude Sarralden zeuden musika guneak, eta aurki udal rokodromo bat ere egongo da.
Pagoeta auzoan ere aldaketa handiak datoz.
Elizan gune soziokulturala dago. Komentuan, berriz, Aspaceren eguneko zentroa eta adinekoen apartamentuak egiten ari gara, abiadura onean gainera. Handik metro eskasera Aldiribi kiroldegi berria eraikiko dugu, herritarren eta kirol taldeen instalazio beharrei erantzuteko. Handik gertu, Lilibaso auzoan, etxe berri bat amaitzen ari dira: gazteei zuzendutako alokairuko 20 etxebizitza eta erabilera sozialerako beste lau izango ditu. Metro eskasera, Sorginzulo eta Gainzuri artean, Labeagako mojen komentua eraisten hasiko dira aurki, etxebizitza libreak eta babes ofizialekoak egiteko. Ez hori bakarrik, bi igogailu egingo dira, Labeaga eta goiko auzoak lotuko dituztenak. Urbanizazio obrek Gainzuriri larrialdietako irteera seguru bat eta nahi moduan diseinatu ahal izango duen espazio zabal bat eskainiko diote.
Madaian ere obra garrantzitsua duzue martxan.
Parkinga eraberritzen ari gara, aparkalekuak berrantolatu eta igogailu bat jartzeko. Hala, igogailu horrekin eta aurrez aipatutakoekin, Urretxu erabat irisgarria izango da bidegorritik Mundo Mejorreraino. Mundo Mejorren ere bi gauza egingo ditugu: aparkaleku berri bat eta eraikinen arteko irisgarritasuna bermatzeko irtenbide berri bat.
Zer diozu iparraldeko sarreraz?
Gurutzeko etxeak amaitu bezain pronto, sarrera berritzeko asmoa dugu. Horrek sarrera duina eskainiko dio herriari eta segurtasuna bertan eraiki dugun pumptrackari eta Gurutzen egingo dugun parke berriari.
Aurrekontu garaian gaude. Ze ekarpen jaso dituzue auzoetan egindako bileretan? Nolakoa izan da prozesua?
Aberasgarria, benetan. Alde horretatik, aukera hau aprobetxatu nahi nuke bertaratu diren bizilagunei edo euren proposamenak helarazi dizkigutenei eskerrak emateko. Azken finean, herritarrak dira lehentasunak markatzen dizkigutenak eta zer nahi duten esaten dutenak. Gure lana da hori irakurtzen jakitea eta posible den heinean gauzatzea da. Posible den heinean diot, posible ez denean, jendeari azaltzen diogulako eta ulertzen duelako. Jendeari egia esaten badiozu, era gardenean jokatzen baduzu, eta hala behar du, erraza da elkar ulertzea.
«Urretxu erabat irisgarria izango da bidegorritik Mundo Mejor auzoraino»
«Aurki izango dugu Aldiribi kiroldegiaz hitz egiteko beta»
Herritarrek udalarekin duten harremana nola baloratuko zenuke?
Hori agian herritarrek azaldu beharko lukete. Uste dut baina, gertukoa dela. Esan ohi da udala dela herritarrengandik gertuen dagoen instituzioa eta are gehiago Urretxu bezalako herri batean, non denok ezagutzen dugun elkar. Hemen jendeak bere ekarpenak, kexak edo zalantzak planteatzen dizkizu bilera batean, baina baita erosketak egiten ari zarenean edo kalean zoazenean ere, eta hori seinale ona da.
Harreman formalari edo egituratuari dagokionean, gero eta bide gehiago ditugu: aipatu berri ditugun auzo-bilerak, Aniztasun mahaia, eskoletako batzordeak, gazteen kasuan Piztu mahaia, herriko elkarteekin egin ohi ditugun bilerak…
Zeintzuk dira agintaldi honetako proiektu estrategikoak?
Hiru dira. Tokiko Zaintza Ekosistema garatzea (arlo sozialetik harago, ikuspegi komunitarioa sustatzen ari gara eta jarraituko dugu), Agenda 2030 garatu (gure politika eta jarduera guztietan garapen jasangarria txertatzea) eta obrak.
Obra garrantzitsuenetako bat Aldiribi kiroldegiaren eraikuntza izango da. Zer aurreratu dezakezu?
Aurki izango dugu horren inguruan hitz egiteko beta. Orain arte, hitzarmena sinatu dugu, lurrak geureganatu ditugu eta proiektua egin dugu. Atzerapen txiki batekin dator, baina ez da egitasmo erraza: eskola egutegia kontuan hartu behar da ikasleei ahalik eta traba gutxien egiteko, Aspaceko obra, tartean gertatu diren epaiak eta horrek ekarritako gainkostua… Data zehatzak izan bezain pronto azalduko ditugu proiektuaren nondik norakoak, orain arte izandakoak eta etorriko direnak; data, aurrekontu eta xehetasun guztiekin.
Nola irudikatzen duzu Irimo-Sarralde 2027an?
Martxan, lanean, funtzionamenduan. Ondo dakizun moduan, udalera iritsi eta hasi genuen lehen lana zonalde horren guztiaren berrantolaketa eta deskontaminazioa izan zen. Hor Urretxuko Udalak metro kopuru izugarria zuen, garesti erositakoa, kutsatua zegoena eta erabilerarik ez zuena. Helburu garbia genuen gune horretarako: industria. Pozten nau gaur esateak Irimo zegoen tokian Telleria berria ikusiko dugula aurki, ondoko partzelan gasolindegi bat eta Sarralde zegoen espazioan, dena ondo bidean, mugimendua hasiko dela aurki. Herrira lana eta garapena ekarriko dute. Gehiago ere etor daitezke horien atzetik. Lanean ari gara hori posible egiteko.
Pagoeta kulturgunean ekitaldiak antolatzen ari dira dagoeneko. Obra bukatu al da?
Gune soziokulturaleko obra nagusia udazkenaren hasieran amaitu genuen, akustika hobetzeko lanekin. Horren ostean egin den lehen ekintza Gernikako Arbola Ereserkiaren Batzarra izan da, eta orain bai, esan dezaket musika primeran entzuten dela bertan, baita aurkezleen ahotsak ere.
Etorkizunari begira, zein da Urretxuren erronka nagusia?
Udalera iritsi ginenean gure erronka nagusiak bi ziren: epe laburrera, Udalaren egoera ekonomikoari buelta ematea eta epe ertain-luzera hegoaldeko sarrera berritu eta bertara industria erakartzea. Orain erronkak beste batzuk dira, ukiezinagoak agian. Hor dago Tokiko Zaintza Ekosistema, gure gizartearen erronka nagusiena izango denari, epe luzeko zainketen beharrari, erantzuteko sortu duguna. Bere baitan biltzen ditu adinekoak, behar bereziak dituzten pertsonak, komunitatea, zaintzaile formalak eta informalak, senitartekoak, mendekotasun gradu desberdinak dituzten pertsonak, udal baliabideak (eguneko zentroa..), eskualdekoak (Zaintza Herrilab), foralak (egoitzetako plazak), osasun arlokoak, gizartekoak, urbanistikoak (irisgarritasuna…)… Hor dago erronka.