Iñaki Etxaniz 2019an joan zen lehen aldiz Kenyara. Aurten berriz itzuli da. Korrikalari ugari ezagutu ditu bidaien bidez, eta Cloud Nine Running Team proiektuarekin kolaboratzen hasi da.
Kirolaria da txikitatik Iñaki Etxaniz (Urretxu, 1977). Pilotan eta futbolean aritzen zen gaztetan, eta 2005ean, Behobia-Donostia zela-eta, lasterketetan parte hartzeari ekin zion. Bizikletarekin hasi zen gero, eta triatloietan ere lehiatzen da egun. Nolanahi ere, ez dio sekula utzi korrika egiteari; 2009tik, urtero parte hartzen du maratoiren batean.
Orain hiru urte, «maratoi korrikalari onenen herrialdean» izan zen: Kenyan. Bertan bizi da Marc Roig, herrialde horretako goi mailako atleten fisioterapeuta eta prestatzailea. Eliud Kipchoge munduko maratoilaririk onenetakoa denaren fisioterapeuta da, eta horregatik da Etxaniz, besteak beste, Roigen jarraitzaile. Sare sozialetan jarraitzen zion haren arrastoari, eta, Kenyan goi mailako maratoilariak entrenatzen zituela jakitun, idatzi egin zion. «Hango eskola batean laguntzeko proposamena egin nion sare sozialen bitartez, inolako erantzunik jasoko ez nuela pentsatuta. Nik idatzi eta ordu erdi batera erantzun zidan, eta posible zela esan zidan», esan du Etxanizek.
Mezu hori jaso bezain pronto hasi zen bidaia antolatzen, eta emaztearekin eta bi semeekin joan zen Kenyara, 2019ko uztailean. Hezkuntza bereziko eskola batean aritu zen lanean, boluntario gisa. Hilabete osoa pasatu zuten han. Etxanizek kontatu duenez, eskolako haurrekin egoten ziren astean zehar, eta asteburuan «turismo pixka bat» egiteko aprobetxatzen zuten. «Beste errealitate bat ezagutzeko aukera izan genuen», azaldu du. «Sekulako esperientzia izan zen, eta bertako korrikalarien mundua barrutik bizitzeko eta ezagutzeko aukera ere izan nuen».
Eldoret hirian izan ziren, han bizi baitzen Roig. 300.000 biztanle inguru ditu hiriak, eta itsas mailatik 2.200 metrora dago. Baldintza horiek aintzat hartuta, bertan entrenatzen dira Kenyako maratoilari onenak: «Naturaz inguratutako pista gorrixka pila bat daude, dena berdea da, euri asko egiten du… Korrika egitera ateratzen zarenean, erraza da korrikalari onenekin topo egitea», adierazi du urretxuarrak.
Korrikalariok ezagun zituen aurrez, eta azaldu duenez, Kenyako eremu horretan entrenatzen badira ere, urtean bizpahiru aldiz bidaiatzen dute Europara, lasterketetan parte hartzera. Eredutzat dauzka haiek Etxanizek, eta aitortu du «esperientzia zoragarria» izan zela haiekin lasterka egiteko aukera izatea, gertuagotik ezagutzea eta haien egunerokoaren berri izatea. Kontatu du, halaber, korrika egitera atera zen egunei esker eta han egindako boluntariotza lanaren ondorioz «oso harreman estua» duela goi mailan lehiatzen diren lauzpabost korrikalarirekin. Esaterako, lagun mina du Anthony Maritim, 2018an Bartzelonako maratoia irabazi zuena.
Bigarren aldiz
2019ko esperientziaren ondotik, 2020an berriz joateko plana egin zuten Etxanizek eta haren familiak. Pandemia iritsi zen, ordea. Horrenbestez, atzeratu egin behar izan zuten bidaia. Aurtengo udan itzuli dira Kenyara, eta hilabete bat pasatu du, bere anaiarekin. Aurten, ordea, ez dira Eldoretera joan, baina handik gertu dagoen herri batean izan dira: Itenen, itsas mailatik 2.400 metro ingurura dagoen muino batean. Aurreko bidaian egin bezala, eskola batean izan dira, boluntariotza lanetan. «Jende asko ezagutu dugu, korrikalari gehiagorekin harremana egin dugu, eta aurretik ezagututakoekin ere elkartu gara. Zoragarria izan da berriz ere».
Bertako bizimoduaz, Etxanizek azpimarratu du «bizitzeko era lasaia» dutela: «Beste mundu bat ezagutu dugu, guk bizi dugunarekin inolako zerikusirik ez duena. Beste filosofia bat da hangoa. Lasai bizi dira, eta inolako larritasun eta estresik gabe, oinarrizko gauzekin». Aldea nabaritu du, era berean, lehen aldiz joan zenetik gaur arte igarotako denbora tartean; inguru horretako errepide eta eraikinen azpiegituretan, batez ere.
Bigarren bidaian, Abel Kirui ezagutu du, bi aldiz munduko maratoi txapelduna izan dena. Etxanizek Kenyan dituen lagunekin entrenatzen da Kirui. Halere, Etxanizen hitzetan, ibilbide luzeko lasterketak egiteaz gain, futbola ere oso gustuko du Kiruik, eta, «zaletasun horri tiraka eta bere herrialdearen garapena sustatzeko asmoz», futbol eskola bat eta ikastetxe bat sortu ditu Itenen. Kiruik azaldu zion entrenatzaileak behar zituztela futbol eskolarako, eta Etxanizi Iker Mujika urretxuarra etorri zitzaion burura. Egun, Mujika entrenatzaile dabil Kenyan. «Entrenatzaileak irakasleak dira, baina gutxi dakite futbolaz. Futbol eskolari formalismoa ematen ari da Iker han», azaldu du Etxanizek.
Korrikalariak jakinarazi duenez, Kenyan goi mailako korrikalari asko eta asko egonagatik ere, «finantzaketa arazo» bat dute. Hortaz, laguntze aldera, bere aletxoa jartzen du horretan ere Etxanizek, Urretxutik jarri arren. Horretarako, azaldu du Nine Cloud Running Team proiektuan dagoela sartuta, «baliabide ekonomikorik ez duten korrikalariei lasterketetan parte hartzeko aukera emateko». Horrela, taldea osatzen duten hogei korrikalari pasari atleta profesional bihurtzen laguntzea dute xede. «Anthony Maritim nire laguna Bartzelonako maratoiko irabazlea izandakoa da; oso korrikalari ona da, baina batzuetan zailtasunak izaten ditu ekonomikoki, eta asko daude egoera horretan».
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitza astekarian argitaratu da