Santa Lutziak erakarrita, jendea kalera ateratzen hasi da Urretxun eta Zumarragan feriaz gozatzera. Eguraldiak lehen orduetan lagundu du, baina euria ari du dagoeneko.
Goizeko lehen ordutan hasi da Santa Lutzia feria, Urretxuko eta Zumarragako kaleak aberez, nekazari tresnez, artisauez, era askotako saltzailez eta musikariz betez. Jendea ere inguratzen hasia da, eta lehen orduetan ateri egin badu ere, euria hasi da.
Zumarragako Urdaneta hiribidean dago mugimendurik handiena lehen ordu hauetan, han biltzen baita abere erakustaldia eta sariketa. Gainerako guneak goizak aurrera egin ahala joango dira betetzen.
La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan,nekazaritzako tresnen feria dago, Zumarragako Euskadi plazan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan, berriz, fruta eta barazki sariketak egiten ari dira, eta Urretxun, gainera, ezti lehiaketa ere bai, Areizaga-Kalebarren plazan, kapoi eta oilasko lehiaketaren ondoan.
Bi herrietan eskulanak erosteko aukera ere badago,Urretxuko Iparragirre kalean eta Zumarragako Euskadi plazan eta Zelai Arizti pilotalekuan. Gainera, jakiak, burdindegiko produktuak, larrukiak, oinetakoak, arropa eta osagarriak, otarrak, loreak… ere erosteko aukera dago. Zumarragan 201 postu jarri dituzte eta Urretxun 124.
Kultur eta kirol ekitaldiak ere badira aukeran: trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak eta musika banda kalejiran ibiliko dira, eta herri kirol jaialdia izango da 12:30ean eta profesionalen pilota partidak 17:00etan Urretxuko Ederrenan, eta idi probak Zumarragako plazan 18:00etan. Artzain txakur erakustaldi komentatua ere egingo dute 13:30ean Urretxuko Zubimusu plazan
Feria hasi besterik ez da egin, eta eguna luzea izango da.