Bihar arratsaldean Gabonetako lehen Ostiral Magikoa ospatuko dute
Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak urte osoan zehar gogor lan egiten du herritarrei zerbitzu bikaina eskaintzeko eta herria bizirik mantentzeko. Gabonetan ahalegin berezia egiten dute. Aurtengoa, inoiz baino bereziagoa izango da. Izan ere, aurten tonbola eta guzti eskainiko diete herritarrei.
Tonbola Areizaga-Kalebarren plazan muntatu dute eta gainontzeko ekitaldi guztiak ere bertan egingo dituzte. Egitaraua gaur aurkeztu dute, han bertan. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak, Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak eta Bi-Tarteaneko kideek parte hartu dute.
Kaleak argiz apaindu dira, establezimenduetako ateetan lazo gorri handiak jarri dituzte, erakusleihoak apaindu dituzte, deskontu bonuak erabiltzeko aukera eman dute, 50 euroko erosketa baleak zozkatuko dituzte eta ostiraletan Ostiral Magikoak ospatuko dira.
Lehenengo Ostiral Magikoa bihar izango da. 17:00etan tonbola irekiko da eta 17:30etik aurrera herritarrek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Argazkilari bat egongo da eta hurrengo egunetan argazkiak dendetan banatuko dira eta jendeak berea topatu beharko du etxera eraman ahal izateko. Argazkia ateratzen dutenen artean txokolatea eta txurroak hartzeko tiketak banatuko dira.
Tonbolan sari asko banatuko dituzte: iberiko sorta, enpresek erositako opariak, Bi-Tarteanek erositako opariak eta elkartearen merchandising produktuak, merkatariek emandako opariak… Tonbolako boletoak kanpainara atxikitako dendetan banatuko dituzte, erosketak egiten dituztenen artean. Tonbola urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan goiz eta arratsaldez.
Bigarren Ostiral Magikoa hilaren 22an izango da. 20:00etan Olentzero eta Mari Domingiren zaku magikoko zozketa egingo da: 50 euroko 10 erosketa bale zozkatuko dira egunean bertan zakuan txartelak sartu dituztenen artean. Gainera, gaztainak jateko aukera egongo da.
Zozketarako txartelak abenduaren 22ra arte banatuko dira atxikitako dendetan erosketak egiten dituztenen artean. Txartelak zenbakituta egongo dira. Zakuan uzten dena eta abenduaren 22an norberak daramana bat etorri behar dira saria jaso ahal izateko. 50 euroko erosketa baleak abenduaren 31 baino lehen erabili beharko dira, atxikitako dendetan.
Azkeneko Ostiral Magikoa abenduaren 29an izango da. Haurrentzako atrakzioak egongo dira, 17:00etatik 20:00etara.
Aipatu bezala, deskontu bonuak lortzeko aukera ere badago. Bonuek 40 euro balio dute eta 50 euroko erosketa egiteko aukera ematen dute. Bi-Tartean elkartearen egoitzan (Urretxuko Labeaga 56an) eros daitezke: astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan 09:00etatik 17:00etara, asteartetan 09:00etatik 19:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 15:00etara. Bonuak txartelarekin ordaindu behar dira. NANa erakutsi behar da eta NAN bakoitzeko bonu bat erosi ahal da. Pertsona bakoitzak sei NAN erabili ahal ditu gehienez. Bonuak kanpainara atxikitako dendetan erabili ahal dira eta erosketak gutxienez 10 eurokoak izan behar dira.