Eusko Jaurlaritzaren Lanbidek Urolako trenaren geltokian enplegu orientazio eta berrikuntza zentroa irekiko du. Bertan ekintza berritzaileak eta proiektu esperimentalak bultzatuko dituzte, enplegua sustatzeko.
Egoitza nagusia Gasteizen (Araba) dago eta gaur inauguratu dute, baina urtebete darama zabalik. Bi azpiegoitza egongo dira: bata Sestaon (Bizkaia) eta bestea Zumarragan.
Sestaokoa zabalik dago jada. Zumarragako geltokian obrak egin behar dira, eraikina funtzio berrira egokitzeko. Obrak datorren urte hasieran jarriko dira abian. Lanek iraun bitartean, bulegoa Zelai Arizti kultur etxean egongo da.
Zentro hauek Estatu espainiarreko sarean daude. Erkidego bakoitzak berea du. Martxan dagoen egitasmoetako bat “egoera administratibo irregularrean” dauden etorkin langabetuei zuzendua dago. Helburua beraien integrazio soziolaborala lortzea da. Gipuzkoan ostalari elkartearekin batera lan egiten ari dira eta lankidetza horren eskutik Eskolanbide egitasmoa jarri dute martxan. 30 bat lagunen integrazioa lortu da.