Piztu Gazte Mahaiko kideek Pagoeta gune soziokulturalean gazteentzako ekintzak antolatuko dituzte eta Gazte Bidean zerbitzua eureganatuko dute
Piztu Gazte Mahaiko partaideak Jon Luqui Albisua Urretxuko alkatearekin eta Maialen Fidalgo Mendizabal Herritarren Batzordeko zinegotziarekin elkartu dira gaur, ikasturte honetan garatuko dituzten bi proiektuak aurkezteko eta adosteko. Proiektuak adostu ondoren, komunikabideen bitartez komunitateari aurkeztu dizkiete.
Gazteek euren ikaskideekin elkarlanean zehaztu dute proiektuetako bat: Pagoeta gune soziokulturalean gazteentzako ekintzak eta ekitaldiak antolatzea. Urretxuko Udaleko Gazteria sailak proposatu die bestea: Gazte Bidean eureganatzeko estrategia eta ekintzak zehaztea, ikusita zerbitzua baliatzen dutenen artean gutxiago direla DBH 3 eta 4koak. Golden diskoteka berriz zabaltzea ere izan da proposamenetako bat, baina bideragarritasuna eta urtarriletik ekainera bitarteko proiektua behar duela aintzat hartuta, albo batera utzi dute aho batez.
Urriko eta azaroko saioetan egin dute proiektuen azterketa eta aukeraketa, eta gaur komunitateari aurkeztuta, urtarrilean ekingo diote ekainera bitartean proiektuak garatzeko lanari. Hala, Piztu Gazte Mahaiak hilez hil bi proiektuei lotutako ekimenak garatuko ditu. Gainera, orain arteko parte hartze saioak Gazteria teknikariak eta Gazte Bideaneko koordinatzaileak gidatu badituzte ere, hemendik aurrerakoak eurek antolatuko eta gidatuko dituzte txandaka, hilero hiru kidek. Saioetan landutakoak ikaskideekin partekatzen eta osatzen jarraituko dute nork bere ikastetxean.
Piztu Gazte Mahaia Joxe Mari Iparragirre institutuko, Urretxu-Zumarraga ikastolako eta La Salle-Legazpi ikastetxeko DBH 3 eta 4ko 20 ikaslek osatzen dute. Helburu hauek ditu: nerabeen herritartasun aktiboa; nerabeek beraien kezkak detektatzea, hausnartzea eta gainditzeko bideak lantzea; udalak nerabeez dituen kezkak eta desafioak beraiekin partekatzea eta udaleko sail guztietan nerabeak komunitateko kide oso gisa aintzat hartzea.