UZ Bizi plataformak antolatutako ekitaldian herritar asko elkartu dira
Atzo Plastic Energy enpresaren egitasmoaren inguruko hitzaldia egin zen Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, UZ Bizi plataformak antolatuta. Berdeak-Equo alderdiko Jose Ramon Becerrak, Pirolisis No-Xixon plataformako Santiago Martinek eta Xixongo kutsaduraren aurkako plataformako Charles Gasparovic-ek parte hartu zuten. Azken biek, bideokonferentziaz.
Aurkezle lana Ines Benitezek egin zuen. Plataformak orain arte egindako lana azaldu zuen eta baita alderdiek emandako pausoen berri ere eman ere. Martinek Plastic Energy-k pirolisia erabiltzen duela eta teknika horrek osasunean eragina duela aipatu zuen. “Pirolisiak sustantzia toxikoak sortzen ditu eta horiek airera ateratzen dira. Arriskutsuak dira bai epe motzean eta bai epe luzean. Ugalketa, nerbio eta arnaste sistemetan, giltzurrunetan eta haurren hazkuntzan eragin dute. Plastic Energy bezalako enpresen aurkako lana kalean egin behar da, bizilagunek gidatu behar dute”, esan zuen.
Gasparovic Amerikako Estabu Batuetako Mexiko Berriko unibertsitateko ikerlaria da. Osasun arloko ikerketak egiten ditu. Xixonen borroka nagusia terminologiaren ingurukoa dela aipatu zuen. “Enpresek eta erakundeek terminologia desinformatzeko baliatzen dute. Hori dela eta, borroka nagusia herritarrei informatzea da”.
Becerra ingurumenaren kudeaketan aditua da. Plastic Energy-ren egitasmoa ona izango balitz, Donostian edo Bilbon jarriko luketela esan zuen. “Desindustrializatutako lurraldetan ezartzen dira. Irtenbidea ez da halako lantegiak irekitzea, baizik eta plastiko gutxiago ekoiztea. Plastic Energy bezalakoek, aipatutako guztiaz gain, eskoria sortzen dute eta zabor hori zabortegietara eraman behar da. Bestalde, halako enpresak herriguneetatik hiruzpalau kilometrora egon beharko lirateke eta Zumarragakoa herrigunean egongo litzateke. Plastic Energy-k Zumarragan egin nahi duena beste toki batzuetan egin denaren antzekoa da eta lantegi horiek porrot egin dute. Pirolisia ez da teknologia berritzailea. Duela 40 urte inguru hasi ziren erabiltzen eta behin ere ez du emaitza onik eman. Hori ez da ekonomia zirkularra, baizik eta instituzioen diru-laguntza jasotzea. Diru-laguntzik gabe ez dira bideragarriak”.
Bestalde, UZ Bizik “plastiko errauskailuaren proiektua” bertan behera geratu den argitzeko eskatu dio Zumarragako Udalari (Gipuzkoako Foru Aldundiko iturri ez ofizialek plataformari esandakoaren arabera, Plastic Energy multinazionalaren filiala den Euskadi Advanced Recycling SL enpresak aldundiak emandako lau milioiko diru-laguntzari uko egin dio), baina udalak ez dio erantzun oraindik.