Hamahiru argazki ageri dira eta horietako hiru Pablo Perez, Carlos Mediavilla eta Aitor Agirrezabal urretxuarrenak dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko egutegiak banatuko ditu bihar (asteartea), 18:00etan, Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Ekitaldian Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak parte hartuko du.
Kirola du datorren urteko egutegiak ardatz. Gai honen inguruan lehiaketa bat antolatu zuten eta hamahiru argazki onenekin osatu dute egutegia.
Hiru herritarren argazkiak daude tartean. Pablo Perez urretxuarrak irabazi du, hain zuzen ere, egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Carlos Mediavilla eta Aitor Agirrezabal urretxuarren argazkiak ere egutegirako aukeratu dituzte. Mediavillarena uztailekoa da eta Agirrezabalena azarokoa.
Perezen argazkiko protagonistak lokaztutako errugbi talde bat eta haur bat dira. “Argazkia Hernanin atera nuen, 2018an. Lehiaketara kirola zer den azaltzen duen argazkia bidali nahi nuelako hautatu nuen argazki hori. Kirolak hainbat balio ditu eta gurasoek kirola egitea eta balio horiek praktikan jartzea oso garrantzitsua da. Argazkian Hernani taldeko jokalariak eta haur bat besarkatuta ageri dira, partida amaieran. Haurra jokalari baten semea da. Partida bukatutakoan aitarengana joan zen, besarkadan parte hartzera eta berak ere parte hartu nahi duela erakustera”.
Agirrezabalen argazkiari dagokionez, Txindoki mendiaren gailurrean atera zuen, aurtengo irailaren 16an, 11:00etan. Agirrezabalen argazkiak ere kirola eta adiskidetasuna lotzen ditu. Hiru lagun ageri dira, elkarri eskua emanda, Beasain eta Ordizia aldera begira. Mediavillaren argazkiari dagokionez, Ataungo Sarastarri koban atera zuen. Espeleologo bat ageri da.

Pablo Perezen argazkia.

Aitor Agirrezabalen argazkia.

Carlos Mediavillaren argazkia.