Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko egutegiak banatu ditu Urretxun. Datorren urteko egutegiko gaia kirola da. Azaleko irudia Pablo Perez urretxuarrarena da
Urte amaiera da eta, beraz, egutegi garaia. Enpresak eta erakundeak beraien egutegiak banatzen ari dira. Aldundia ere bai. Aste honetan Goierrin banatu du: astelehenean Beasainen eta atzo Urretxun. Atzoko ekitaldian Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak parte hartu zuen. Kirola du datorren urteko egutegiak ardatz. Gai honen inguruan lehiaketa bat antolatu zuten eta hamahiru argazki onenekin osatu dute egutegia.
Pablo Perez urretxuarrak irabazi du, hain zuzen ere, egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Perezek 1.000 euroko saria jaso du eta bere irudia egutegiaren azalekoa izango da.
Argazkiko protagonistak lokaztutako errugbi talde bat eta haur bat dira. «Argazkia Hernanin (Gipuzkoa) atera nuen, 2018an. Lehiaketara kirola zer den azaltzen duen argazkia bidali nahi nuelako hautatu nuen argazki hori. Kirolak hainbat balio ditu eta gurasoek kirola egitea eta balio horiek praktikan jartzea oso garrantzitsua da. Argazkian Hernani taldeko jokalariak eta haur bat besarkatuta ageri dira, partida amaieran. Haurra jokalari baten semea da. Partida bukatutakoan aitarengana joan zen, besarkadan parte hartzera eta berak ere parte hartu nahi duela erakustera».
Baina Perez ez da goierritar saritu bakarra. Barruko orrialdeetan Goierriko bost argazkilariren lanak ikus daitezke: Lazaro Gonzalez beasaindarrarena, otsailean; Jose Venegas, legazpiarrarena apirilean; Carlos Mediavilla urretxuarrarena, uztailean; Mikel Cavero ordiziarrarena, abuztuan eta Aitor Agirrezabal urretxuarrena, azaroan. 250na euroko saria jaso dute.
Gonzalezek Zarauzko hondartzako futbol txapelketan atera zuen argazkia; Agirrezabalek, Txindoki mendiaren gailurrean. Hiru lagun ageri dira, elkarri eskua emanda, Beasain eta Ordizia aldera begira; Venegasek, Anoetako miniestadioan. Neska batzuk ageri dira, hesiak saltatzen; Mediavillak, Ataungo Sarastarri koban eta Caverok Getariako hondartzako igeriketa proban.