Plastic Energy enpresak Zumarragan enpresa irekitzeari uko egin dio. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eman du erabakiaren berri. Asensiok interesdun enpresa gehiago aurkitzea espero duela, baina egitasmoa “80 kilometro harago” (Bizkaian) garatzearen beldur dela gehitu du. “Gipuzkoak aukera bat galduko du eta bakoitza egindakoaren erantzule izango da. Batzuk sektore estrategiko batean salto handia ematearen aldekoak gara eta beste batzuk beste alde batera begiratzen dute eta Zumarragan toxikoa dena 80 kilometro harago ez da toxikoa”.
Egitasmoaren alde lan egiten jarraituko duela gehitu du. “Gipuzkoarentzat proiektu estrategikoa da. Ez da baloratzen, baina sektoreak nahi du. Interesdun enpresa gehiago daude”. Zumarragan PSE-EE bakarrik azaldu dira egitasmoaren alde. EH Bildu eta EAJ aurka azaldu dira.