
Zumarragako osoko bilkurak ez du Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren mozioa onartu. EH Bilduk alde bozkatu du eta PSE-EE eta EAJk aurka. PSE-EEk gaiaren inguruko bere mozioa aurkeztu du eta EH Bilduk eta EAJk aurka bozkatu dute. EAJk, berriz, emendakin batzuk aurkeztu ditu eta PSE-EEk eta EH Bilduk aurka bozkatu dute.
Astearteko osoko bilkuran pentsiodunen mugimenduko hainbat kidek parte hartu zuten. Arantxa Corralesek irakurri zuen mozioa. Bertan, pentsiodun guztiek gutxienez 1.080 euroko diru sarrerak izatea (14 ordainsaritan) bermatzea eskatzen zaie Estatu espainiarreko gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari. Azken biei gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa 1.080 eurotara igo arte, beraiek osatzeko eskatzen zaie.
Hiru alderdiak gutxieneko pentsioa 1.080 eurotara igotzearen alde azaldu ziren, baina PSE-EE eta EAJ ez datoz mozioaren edukiarekin guztiz bat. EAJko Josu Idigorasek pentsiodunen lana goraipatu zuen, baina pentsioen eguneratzea Estatu espainiarreko gobernuaren eskumena dela gogoratu zuen. “Urte asko daramatzagu eskumena eskatzen. Duela 43 urte onartu zen Lege Organikoa. Espainiako gobernuari pentsio duinak bermatzeko eskatzen diogu eta Estatuari gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea. Baita Gizarte Segurantza berehala transferitzea ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari pentsio txikienak osatzen jarraitzea ere”.
PSE-EEko Rosa Maizak ere pentsiodunek egiten ari diren lana txalotu zuen. “Zuek borrokatzen ari zareten eskubideak gure seme-alaben eskubideak dira, baina ez 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko bidearekin ez gatoz bat. Izan ere, pentsioak Espainiako gobernuaren esku daude. PSOE pentsioekin konprometituta dago eta sistema indartu dugu. Pentsioek igoera historikoa izan dute. Sistema duin eta justua nahi dugu. Lehen mailako eta bigarren mailako herritarrik gabea. Sistemak funtzionatzen du, baina lanean jarraitu beharra dago, batez ere genero arrakalarekin bukatzeko”.