Plataformak beste inon ezarri ez dadin lan egingo du eta Samiñon, Oletan eta Irimon eraiki nahi dituzten zentral eolikoen inguruko lanketari helduko dio
Plastic Energy enpresak Zumarragako egitasmoa bertan behera uztea erabaki du eta UZ Bizi plataformak erabaki horren balorazioa egin du. Horra hor komunikabideetara igorri duten prentsa oharra.
UZ Bizi plataformatik gure poza adierazi nahi diegu Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko herritarrei, eta eskerrak eman nahi dizkiegu plastiko erraustegia gure etxebizitza, eskola eta osasun zentroetatik metro gutxira ezartzeko proiektu hau gelditzeko lanean aritu diren pertsona eta gizarte eragile guztiei.
Herritarrak beren eskubideen eta bizi baldintzen alde mobilizatzen direnean, garaipenak lortzen dira. Borrokatzea eta antolatzea da gizarteko eta ingurumeneko bidegabekerien aurkako sendabelarrik onena eta uste dugu pertsonen eta komunitatearen alde konprometitzeak duen balioa dela borroka honetatik atera dezakegun ikasgai nagusia.
Plastic Energy multinazionalak Zumarragan pirolisi instalazio bat ezarri nahi zela jakin genuenetik
(Europako eta Estatuko araudiaren arabera, erraustegi bat), gogor lan egin dugu herritarrei horrelako azpiegitura batek gure osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen kalteen eta ondorioen berri emateko. Besteak beste, ekintza hauek egin dira: herritarrak informatu eta antolatzeko batzar irekiak; eskuorriak banatu Zumarragako eta Urretxuko etxe guztietan eta Iñaki Beitia martxan; pirolisiari buruzko dibulgazio bideoak zabaldu; Plastic Energy proiektuaren dokumentazio teknikoa eta espedienteak lortu eta enpresa hori hurbiletik ezagutzen zuten pertsonekin, ingurumen aditu, doktore eta ingeniariekin elkarrizketatu.
Halaber, harremanetan jarri ginen EAEko eta Europako parlamentariekin eta Plastic Energy ezarrita dagoen komunitate eta udalerrietako arduradun politikoekin. Eta, azkenik, abenduaren 14an, informazio hitzaldi arrakastatsu bat antolatu genuen, dozenaka bizilagun bertaratu zirelarik. Hau da, plataformaren lehentasuna izan da plastiko erraustegia ezartzeak ekarriko lituzkeen
arrisku eta ondorioen berri zorroztasunez eta seriotasunez ematea herritarrei.
Izan ere, hauteskunde garaiko promesa eta argazkietatik harago, erraustegiaren bultzatzaileetako inor ez da etorri herritarrei proiektuaren inguruko azalpenik ematera: ez multinazioanala, ez Zumarragako PSE-EE, ez eta Jose Ignacio Asensio bera ere. Oso larria da hori, kontuan izanik ingurumenean eta herritarren osasunean eragin zezakeen kaltea.
Gabezia horri erantzunez, UZ Bizik frogatu du saldu nahi ziguten Plastikoaren ekonomia zirkularraren berrikuntza poloa proiektuaren atzean plastiko erraustegi bat zegoela; Plastic Energyrentzat ad hoc diseinatutako lau milioi euroko laguntza deialdia egin ziotela Aldunditik eta Zumarragako PSE-EE proiektua ezartzen laguntzeko udal legeria bihurritzen saiatzen ari zela, nahiz eta bazekiten ekonomikoki eta teknikoki bideragarria ez zela (Aldundiko teknikarien txostenaren arabera); eta ingurumenean eta, bereziki, herritarren osasunean kalte larriak eragingo zituela bultzatzaileek kontrakoa sinestarazi nahi izan diguten arren.
Ez da erraza izan, baina herritarren lanari esker garaipena lortu dugu, Zumarragan eta Urretxun denbora luzean gogoratuko dena. Orain, egindako bideari balioa eman eta ospatzea dagokigu, baina hemen ez da ezer amaitu. Jose Ignacio Asensiok esan bezala, proiektu bera “hemendik 80 kilometrora” ezartzeko asmoa badu multinazionalak, UZ Bizik bere elkartasuna eta borroka honetan pilatutako baliabideak jarriko ditu plastiko erraustegia bere kokapen berrian ere gauzatu ez dadin. Ez dugulako erraustegirik nahi, ez hemen, ez inon. Era berean, datozen hilabeteetan Samiñon, Oletan eta Irimon eraiki nahi dituzten zentral eolikoen inguruko lanketari helduko diogu eta dei egiten diegu plastiko erraustegiaren aurka bidelagun izan ditugun herritar eta eragile guztiei borroka honetara batzeko.