Urretxuko Udalak inoizko aurrekontu handiena onartu du: 13.275.581 euro, iaz baino %2,6 gehiago. EAJk alde bozkatu du, PSE-EEk abstentzioa eman du eta EH Bilduk aurka bozkatu du.
Gobernu taldeak (EAJ) gizarte arloaren garrantzia azpimarratu du. “Hurrengo urteetarako egitasmo garrantzitsuenak gizarte arlokoak dira: zaintzen tokiko ekosistema ezarriko da, eguneko zentroaren aurrekontua 614.000 eurotik 820.000 eurora igo da langilen baldintzak hobetzeko eta lau toki gehiago eskaintzeko, eguneko zentroaren garraio zerbitzuaren aurrekontua 108.000 eurotik 160.000 eurora igoko da langileen baldintzak igotzeko, eguneko zentroan inbertsioak egingo dira…”.
Kiroldegiaren kudeaketara ere diru gehiago bideratuko da (aurrekontua 335.000 eurotik 470.000 eurora igoko da) langileen soldatak igotzeko. Horretaz gain, entsegu lokalak tokiz aldatuko dira eta inbertsioak egingo dira (44.000 euro), Santa Barbarako eraikinean hobekuntzak egingo dira (100.000 euro), haurrentzako lokal bat irekiko da gurasoekin elkarlanean, 5.000 euroko beka banatuko da herriko goi mailako kirolarien artean, nesken txirrindulari taldeari 12.000 euroko laguntza emango zaio, Aldiribi kiroldegiko obrak hasiko dira (2024ko amaieran edo 2025eko hasieran), Gainzuriko teilatuan eguzki plakak jarriko dira, rokodromoa egingo da…