Egutegirako egindako eskulanak eta testuak Zelai Arizti kultur etxean daude ikusgai
Gainzuri ikastetxeko ikasleek 26. egutegia egin dute. Euskal kulturaren transmisioa bermatzeko tresna bezala sortu zena, ikastetxeko ikur nagusietakoa bilakatu da. Aurtengoaren gaia euskal musika da. Egutegirako egindako eskulanak Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoan ikusgai jarri dituzte. Urtarrilaren 20ra arte egongo dira bertan: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.
Egutegia Euskal kultura anitzak ematen dio kulturari bizitza lelopean landu dute. Haur Hezkuntzako 3 urtetik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko ikasle guztiek parte hartu dute.
Irailean eman zioten hasiera proiektuari eta zaila izan da artisten aukeraketa egitea. “Musikak euskal kulturari asko eskaini dio eta talde eta bakarlari genituen aukeran. 12 hilabeteetan agertu behar zirenak aukeratzeko, umeentzako erreferenteak direnak kontutan hartu nahi izan ditugu. Baina, era berean, garai bateko bakarlari zein talde ospetsuenak ezagutarazi nahi genituen. Bestalde, emakumeen presentzia goraipatiu nahi izan dugu, euskal musikari eta euskal kulturari ematen dioten ekarpenari garrantzia emanez. Aukeratutako euskal talde zein bakarlari bakoitza lantzeko lan plastiko bat egin dugu”.
Urtarrila Hertzainak taldearen eskaini diote, otsaila Neomak taldeari, martxoa Imanol Urbietari, apirila Ines Osinagari, maiatza Uxue Kerejeta zumarragarrari, ekaina Zea Mays taldeari, uztaila Merina Gris taldeari, abuztua Fermin Muguruzari, iraila Zetak taldeari, urria Izarori, azaroa Mikel Laboari eta abendua Su Ta Gar taldeari. Bai erakusketan eta bai egutegian talde eta musikari bakoitzaren ezaugarriak eta ibilbidea jaso dituzte.