25 odol ematetik gora egin duten herritarrak dira omenduak. Zelai Arizti kultur etxean egin dute ekitaldia.
Zumarragako eta Urretxuko odol emaileei aitortza egin die Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak gaur eguerdian. 25 odol ematetik gora egin duten 23 zumarragar eta urretxuar izan dira omenduak. 25 aldiz odola eman duten gizon eta emakumeak (Jesus Alberdi Goenaga, Maria Begoña Antia Etxeberria, Rosario Boillos Berzosa, Luis Mari Etxezarreta Agirre, Imanol Jauregi Ruiz eta Maria Arantzazu Legarda-Ereño Ezkurra urretxuarrak eta Amaia Bartolome Bascones, Iñigo Cantero Arrieta, Igor de la Calle Martin, Maria Jose Elgarresta Atxukarro, Juncal Hernandez Andoain eta Jose Angel Mendez Agirre zumarragarrak), 40 aldiz eman dutenak (Maite Etxarri Lete eta Marisol Garin Arrieta urretxuarrak), 50 aldiz eman dutenak (Jesus Maria Plazaola Etxeberria eta Angel Mari Galende Fabian zumarragarrak), 60 aldiz eman dutenak (Maria Pilar del Barrio del Barrio urretxuarra eta Ana Maria Garcia Ruiz zumarragarra), 75 aldiz eman dutenak (Gorka Biain Reguero eta Roberto Santamaria Pinillos zumarragarrak), 80 aldiz eman dutenak (Maria Concepcion Garrido Maniega eta Teresa de Jesus Pascual Gonzalez zumarragarrak) eta 100 aldiz eman duena (Juan Carlos Lazaro Lesmes urretxuarra).
“Gozamena da beste behin zuekin ekitaldi honetan egotea”, hasi da Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotzia Zelai Ariztiko aretoan bildu direnei zuzenduz. “Zaintzaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan, zuena bai dela komunitatea zaintzea, bizitzak salbatzen dituzue, eskerrik asko zuen eskuzabaltasunagatik!” aitortu die.
Urretxuko alkate Jon Luki ere izan da ekitaldian. Gonzalezek adierazitakoa berretsi ostean, gazteengan jarri du fokua: “Herritar guztiei, baina bereziki 18 urtetik gorako gazteei dei egin nahi diet odola ematera anima daitezen”. Odola emateak duen garrantzia ere nabarmendu du. Azkenik, Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak egiten duen lana goraipatu du. “Aurten 60 urte bete ditu elkarteak, eta espero dugu beste 60 gutxienez hemen egotea”.
Belen Ballina Arratibel eta Arantxa Pagaldain Larraondo Odol Emaileen elkarteko kideek hartu dute hitza. Orain arte egindako bidea nolakoa izan den kontatu dute. “Lehenengo urtean 200 odol emate egin ziren, eta orain, 30.000 inguru egiten ditugu urtean”. Eboluzio horren parte izan diren guztiei “eskerrak” eman dizkiete.
Jarraian, Juani de Miguel Andresek 23 odol emaileei diplomak eta dominak banatu dizkie banan-banan.