Maider Ginea zumarragarrak Euskal Herrian inoiz egin den sukaldaritza lehiaketa handienean parte hartuko du: ETB1eko Sukaldarien Liga saioan, hain zuzen ere. Baladi Goiburu legazpiarrak ere parte hartuko du. 50 sukaldari profesional zein amateurrek parte hartuko dute, Ainhoa Etxeberria aurkezlearen gidaritzapean. Lehen saioa bihar (asteartea) emango dute, 22:15ean. EITBren eitb.eus webgunean ere ikusi ahal izango da. Ginea ostalaria da eta etxekoentzat asko kozinatzen du. Baserria telebista saioan parte hartu zuen.
Sukaldarien Liga programako lehen saioan Bermeoko antxoa eta Idiazabalgo gazta izango dira protagonista. Horrez gain, Hilario Arbelaitzek proposatutako errezeta bat kozinatu beharko dute azken proban. Arbelaitz platoan izango da.
Astero lehia gogorra izango dute, sukaldari bat kaleratu egingo baitute. Gainera, irabazleak 25.000 euro irabaziko ditu. Epaimahaia Javi Rivero (Tolosako Ama jatetxekoa), Maider Larrañaga (Arrasateko Arteaga jatetxekoa) eta Aitzol Zugastik (Basque Culinary Centerreko irakaslea) osatuko dute.