Urtarrilaren 28an Zumarragako Soraluze kaleko Tino kafetegia itxiko dute. Negozioa 1983ko apirilean ireki zuten Faus Ortizen gurasoek. Egun Faus da kafetegiko nagusia eta, nekea dela eta, ixtea erabaki du.
Ederki gogoratzen du kafetegiaren historia. “Gurasoek ireki zuten, nik 12 urte nituenean. Hasieran joko aretoa zen. Handik urte eta erdira, kafetegi izatera pasa zen”.
Soraluze kaleko gainontzeko negozioetan bezala, uholdeez hitz egin beharra dago. “Ireki zen urtean bertan, abuztuaren 26an, Bilboko uholdea izan zen. Egun hartan hemen ere euri asko egin zuen. Gure lokalera ura sartu zen. Belauneraino, gutxi gorabehera. Uholde okerrena 1988ko uztailekoa izan zen: ura kafe-makinaren goialderaino iritsi zen. 1992ko San Joan bezperako uholdean, berriz, ura barraraino heldu zen”.
Uholdeen aurrean ez zuten amore eman, baina Fausek urte asko daramatza lanean eta negozioa ixtea erabaki du. “14 urterekin Zelai Arizti parkeko kioskoan hasi nintzen lanean. 13 urte eman nituen bertan. Ondoren, GSBn lan egin nuen. Enpresa hartan jarraitu nuen Basaurira eraman zuten arte. Etxeberri jatetxean ere lan egin dut. Eta kafetegian, beti, familiako negozioa baita. 2010ean kafetegiko ardura hartu nuen. Oso lotua da. Goizean goiz jaikitzen naiz kafetegia irekitzeko. Eguneko 24 orduetan kafetegia buruan dut. Eta etxeko gainontzekoentzat ere karga da, guztiek laguntzen baitute zerbaitetan. Ama bertako arima da eta Enrique anaia (bere bikia) nire aingeru guardakoa”.
Kafetegia alokairuan jartzeko asmoa dute. “Oso negozio ona da. Soraluze kalea berritu zenetik, sekulako aldea nabaritu dugu. Garai batean baino askoz ere gehiago lan egiten dugu”.