Urola eskubaloi klubeko kadete mailako mutikoek Euskal Ligara sailkatzea lortu dute. Igoera faseko partidak asteburu honetan jokatu dira.
Ereintza Aguaplast, Hernani Onddi ET, Urdaibai Eskubaloia eta Urola EK RSA taldeek jokatu dute. UROLA EK RSAk jokatutako hiru partidetatik bi irabazi ditu eta Euskal Ligan jokatuko du denboraldia amaitu arte.
Ostiralean Hernani Onddi ET garaitu zuen. Lehen zati parekatuago baten ostean, Jose Angelek eta Alainek entrenatutakoak nagusi izan ziren bigarrenean, garaipen eroso eta zabala lortuz.
Larunbat arratsaldean ezin izan zuten Urdaibai Eskubaloiarekin. Bizkaitarrak indartsu hasi ziren eta laster hiruzpalau goleko aldea lortu zuten. Urolakoek ez zuten amore eman eta partida orekatu bazen ere, ez zuten aldea murriztu, ezta Bermeokoak gehiegi estutu ere.
Igandean Ereintza Aguaplasten aurka jokatu zuten. Bi taldeek Euskal Ligarako sailkapena poltsikoan zuten, eta entrenatzaileek ordura arte gutxien jokatu zutenei minutuak ematea erabaki zuten. Errenteriarrek aurrea hartu zuten markagailuan, baina Urolakoek berdintzea lortu zuten eta, bigarren zatiaren erdialdean, hiruzpalau goleko abantaila lortu, bukaerara arte kudeatzen jakin zutena, igoera faseko bigarren postua eskuratzeko.