Julio eta Juan Domenech anaiek El reencuentro (berriz elkartzea) erakusketa egingo dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Juanek margolanak erakutsiko ditu eta Juliok maketak. Erakusketa bihar (osteguna) inauguratuko dute, 18:30ean. Otsailaren 6ra arte egongo da zabalik.
Domenech anaiak Palma del Rio (Espainia) herrian jaio ziren. Juliok 5 urte eta Juanek 2 zituztenean etorri ziren Euskal Herrira. Antzuolara (Gipuzkoa), hain zuzen ere. Egun, Julio Bergaran (Gipuzkoa) bizi da eta Juan Zumarragan.
Juliok metalurgian lan egin du eta Juan postaria izan da, baina biei eskulanak asko gustatu zaizkie beti. Erakusketarako, Juliok hainbat maketa egin ditu ardo botilen kortxoekin. “Kortxozkoak eta sintetikoak erabili ditut. Sintetikoak hobeak dira halako lanetarako, ez baitira hausten”.
Erromako koliseoa eta Pisako dorrea egin ditu, anaiak bultzatuta. “Erromatarren garaia asko gustatzen zait eta bi aldiz egon naiz koliseoan. Kortxoekin maketa egitea erabaki nuen eta hainbat tabernatan eskatu nituen. Zazpi hilabetetan zehar, astero joan nintzen jasotzera. 15.000 bat kortxo jaso nituen. Anaiari nire asmoaren berri eman nion eta bera ere horretan hasi zen”.
Azkenean, anaiak berak baino lehenago bukatu du. Pisako dorrea eta koliseoa egin ditu. Pisako dorrearen maketak 1,22 metroko altuera eta 30 zentimetroko diametroa du. Kortxoak eta kortxo zatiak itsasteko silikona beroa erabili du, azkar eta ondo itsasten duelako. 3.500 kortxo inguru erabili ditu aipatutako bi eraikinak egiteko. “Kortxoarekin lan egitea erraza da, baina moztea ez horrenbeste. Cutterrak erabili ditut”.
Juanek, berriz, 28 bat margolan erakutsiko ditu. Olioarekin egindakoak, pintura akrilikoarekin, akuarelarekin, klarionarekin… Marketeria teknikarekin egindako lanak ere erakutsiko ditu. “Musulmanek ekarritako teknika da. Egurrarekin egindako mosaikoa da. Puzzle modukoa. Lan handia ematen du, egur piezak oso finak baitira. Margotu, moztu, itsatsi… egin behar dira”.
Erromako koliseoa azkenean bere anaiak egin duenez, berak Oropesako (Herrialde Katalanak) Erregearen Dorrea egiten hasi da. Tabernariei eskerrak eman nahi dizkiete emandako laguntzagatik eta herritarrak erakusketara gonbidatu dituzte.