Ortiz-Revuelta familiak 60 urte baino gehiago daramatza gozogintzan lanean. Izozkiak egiten hasi ziren, eta ondoren kioskoak eta kafetegia ireki zituzten. 1983an irekitako kafetegia igandean itxiko dute.
Zumarragan izozkiez hitz egitea Tinoz hitz egitea da. Faustino Ortiz duela 63 urte heldu zen herrira eta izozkiak egiteari eta saltzeari ekin zion. Ondoren, Rosario Revuelta emaztea ekarri zuen. Hiru kiosko eta kafetegia ireki zituzten eta hiru semeek beraiekin lan egiten dute. Kioskoak aspaldi itxi zituzten, iaz izozkiak egiteari utzi zioten eta igandean kafetegia itxiko dute.
Ortiz Kantabriako (Espainia) San Pedro del Romeral herriko Aldano auzoan jaio zen, 1939an. Gerraostea pairatu zuen, beraz. “Ez zegoen ezer jateko. Gosea besterik ez. Gurasoek ganadu apur bat zuten: behi eta ardi batzuk. Ondoren, ahuntzak jarri zituzten. Bizitza oso gogorra zen”.
11 urterekin lanean hasi zen. “Etxetik joan nintzen, familia baten ardiak zaintzera. Ez zegoen besterik”. Handik urte batzuetara, izozkigileekin lan egiten hasi zen. Izan ere, Kantabrian izozki tradizioa handia da. “Kantabriatik izozkigile asko atera dira. Miko izozki enpresa, adibidez, Kantabriako batek sortu zuen”, dio Revueltak.
Ortizek ere ofizioa ikasi zuen eta bere kontura jarri zen. “Nire nagusiek izozkiak nola egiten zituzten ikasi nuen, nire kontura hasteko nahia bainuen. Ezkutatu egiten nintzen, izozkiei zer botatzen zieten ikusteko. Ondoren, Enrique anaiarekin gure kontura jarri ginen. Hala lortu genuen gurdia amildegitik ateratzea”.
Anaiarekin Urretxu-Zumarragara etorri zen. Urretxuko Jauregi 18an lokal bat hartu zuten, izozkiak egiteko. Izozkiak bertan egin dituzte, egiteari utzi dioten arte. “Anaia izozkiak egiteaz arduratzen zen batik bat eta ni saltzeaz. Gurdiarekin joaten nintzen, gurdia tiratzen, inguruko erromerietara: Mandubira, Gabiriara, Brinkolara, Aztiriara, Antzuolara… Trenean eta, gero, oinez. Hala nago egun… Batek baino gehiagok gogoratzen dit oraindik noiz edo noiz Eitza igotzen lagundu zidala. Eitzakoa baino aldapa gogorragoak ere igo nituen…”.
Nola moldatzen ote zen garai hartan izozkia ez urtzeko? “Izozkia izotzez inguratzen genuen. Eta gatza erabiltzen genuen hotza mantentzeko”. Izozkia, izotza, ontziak… Gurdiak sekulako pisua zuen. Zorionez, garai hartan ez zeuden egun bezainbeste izozki mota. Gainera, ahal bezain laster, furgoneta bat erosi zuten. Lehenengo Citroen bat erosi zuten eta ondoren, Mercedes bat.
Urretxu-Zumarragara heldu eta urte batzuetara anaiak Urretxu-Zumarragako negozioa Faustinori saldu zion eta Donostiara joan zen. Bertan, Cantabrico eta Morgan tabernak ireki zituen.
Faustino Rosario neska-lagunarekin ezkondu zen eta Urretxu-Zumarragara ekarri zuen. Bertan, hiru seme izan zituzten: Enrique, Faustino eta Oscar.
Hiru kiosko ireki zituzten. Lehenengoa Urretxuko aldapan. Ondoren, Kalebarrenera jaitsi zuten. Beste bi kioskoak Zelai Arizti parkean eta Urretxuko Ipeñarrieta kalean izan zituzten. Kioskoetan denetik saltzen zuten: gozokiak, jostailuak, komikiak… eta izozkiak, noski. Zelai Arizti parkeko kioskoa izan zen itxi zuten azkena, 1998an.
Ordurako, kafetegia zabalik zegoen. Kafetegia 1983an ireki zuten, Zumarragako Soraluze kalean. “Lokal bat nahi genuen, baina senarrak furgonetarekin jarraitu zuen oraindik. 50 urte baino gehiago zituen erromerietara joateari utzi zionean”.
Revueltak kafetegian oso gustura lan egin dutela dio. “Senarrak oso gutxi lan egin du kafetegian. Izozkiak egiteaz arduratzen zen. Kafetegian semeek eta nik lan egin dugu, batez ere. Asko gozatu dut. Jende asko pasa da bertatik. Urte kaxkar batzuk egon ziren, baina Soraluze kalea berritu dutenetik lan asko egin dugu. Ixteak pena ematen dit, baina bizitzaren legea da. Nik lasaiago ibiltzeko adina dut eta Faus semeak oso gogor lan egin du hemen. Lasaiago bizi nahi du, astelehenetik ostiralera lan egin. Bera hemen egonda, gainontzekook etorri beharra dugu. Enriqueri hori gertatzen zaio: Kabia jatetxean lan egiten du eta lanetik ateratzen denean anaiari laguntzera etortzen da”.
Kafetegiko giroa faltan sumatuko duela onartzen du. “Lehengoan kafetegia hartzeko asmoa azaldu duten neska batzuk etorri ziren eta semeak erreleboa hartzen digutenei laguntzen ikusten nauela esan zidan. Ez naizela mahaian eserita egoteko gai izango uste du. Izan ere, ez zait gustatzen jendea zain egotea eta berehala laguntzera altxatzen naiz. Bizitza osoa eman dut hemen eta negozio hauek halakoak dira: etxera eramaten dituzu, buruan. Batzuetan kafetegiarekin amets egin dut. Bakarrik gelditzen nintzela, adibidez. Faus-i ere hori gertatzen zaio. Hori dela eta, pozten nau atseden hartzeak. Astelehenetik ostiralera lan egin nahi du eta eskaintzaren bat jaso du. Senarrak pena ematen diola esaten du eta ea berriro ardura guk hartu behar dugun galdetzen diot”.
Gauzak asko aldatu dira ardura beraiena zen garaitik. Izozkiak ere bai. “Senarrari lehengo izozkiak gehiago gustatzen zitzaizkion. Izan ere, lehen artisau erara egiten ziren erabat. Banilla-izozkia, adibidez, arrautzekin egiten zuen. Arrautzak Etxaburutik ekartzen zituen eta esnea, Sasietatik. Azken urteetan esnea Agerretik ekarri dugu. Beti produktu onenak erabiltzen saiatu gara. Baina izozkiak egiteko erabiltzen diren produktu asko aldatu egin dira. Semeak ez du aitak egiten zuen esne-gaina bezalakoa egitea lortu, ezin baita era berera egin. Jendeak izozki hura gogoratzen du oraindik”.
Erreleboa hartzen dutenek ere izozkiak saltzea gustatuko litzaieke. “Bestela, herria artisau erara egindako izozkirik gabe geldituko da”.
Beraiek igande honetan utziko diote lan egiteari. “Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, bezero eta lagun guztiei pintxoak emango dizkiegu. Gure nahia, kafetegia beste norbaitek hartzen badu, gutxienez guk bezainbeste lan egitea da. Kafetegia ixtea pena litzateke, Soraluze kaleak bizitza handia baitu obra egin zenetik. Gainera, Kalebarrenen egin den etxe berrian jende asko biziko da”.
Faus eta Enrique semeek gogor lan egin behar dela gogoratu dute. “Uzta biltzeko, lehenago erein beharra dago. Sakrifikatu beharra dago. Gauzak ez dira gauetik goizera lortzen. Negozio guztietan, arrakastaren %80a bezeroari eskaintzen zaion tratuaren esku dago. Zer moduz dagoen galdetu, irribarrea eskaini… Bezeroek garrantzi handia ematen diote horri. Zerbitzariak ezin du robot baten moduan lan egin”.
Bukatzeko, bezero guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. “Eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotzez. Eskerrak emateko arrazoi asko ditugu. Bezeroek ez digute sekula kale egin eta maitatuak sentitu gara”.