Izaskun Mendizabalek (Legazpi, 1959) erretiroa hartuko du asteazkenean. Otsailaren 1etik aurrera Kakuetak arduradun berria izango du.
Nolatan ireki zenuen Kakueta kafetegia?
Eli Dominguezekin ireki nuen. Biok ostalaritzan esperientzia genuenez, 1997an Kakueta irekitzea erabaki genuen. Tokia eta izena politak iruditzen zitzaizkigulako jarri genion Kakueta izena. Sei urteren ondoren, Elik beste bide bat hartu zuen eta ni gelditu egin nintzen.
Zergatik Elizkalen?
Alde batetik, Elizkalen lokalak zeudelako. Garai hartan, herrian lokal gutxi zeuden. Gainera, lokal hau toki egokian dago: inguruan dendak ditu, terraza jartzeko aukera du, eliza gertu dago… Garai haietan jende asko joaten zen elizara.
Ze asmorekin ireki zenuten?
Oso argi genuen goizean goiz ireki behar genuela gosariak emateko eta gauean, 22:00etarako edo, itxi egin behar genuela. Labea genuen eta kruasanak prestatzen genituen. Egun baino lan gehiago ematen zuten: lehenengo fermentatu egin behar ziren eta ondoren labean sartu. Egun zuzenean labera sartzen dira. Hasi ginenean, lokala txikiagoa zen. Ondoan okindegia zegoen. Ireki eta hiruzpalau urtera Endaiakoak etorri ziren, bai beraiei eta bai guri okindegia eta kafetegia elkartzea komeni zitzaigula esanez. Horma bota eta bi lokalak elkartu genituen. Urte askotan, gu kafetegian egon gara eta Kontxi okindegian. Duela urte batzuk Kontxi jubilatu egin zen eta nik hartu nuen dena.
Asko aldatu al da negozioa?
Hasierako ideiari eutsi diot. Egun ere goizean goiz hasten gara eta goiz ixten dugu. Lanik handiena goizean egiten dugu. Hasieran bolleria asko saltzen zen eta egun tostadak eta tortillak batez ere. Kafea eta esnea ere oso garrantzitsuak dira, noski. Ardoa ere badugu, eguerdi eta arratsaldetarako. Ardo bereziak ditugu, kopa egokiak ditugu, ardo zurirako kopa hotzak… Hasieratik produktu onak eta zerbitzu ona eskaintzen saiatu gara. Bestalde, kafetegi berri bat ireki den bakoitzean, ikustera joan gara. Zer eta nola ematen zuten jakiteko.
Egunen bat bereziki gogoratzen al duzu?
Antioko bederatziurrenean lan asko egiten dugu. Jende asko hona etortzen da bederatziurrenetik jaisten denean. Egun bereziak eta politak izaten dira, baina lan handikoak. Azkeneko egunean, gehienek txokolatea hartzen dute kafesnearen ordez. Eitzako jaietan ere jende asko etortzen zen, gaupasa egin ondoren.
Gustura aritu al zara?
Lana egin behar da, baina gustukoa dut. Oso gustura aritu naiz.
Eta orain zer?
Hurrengo bi hilabeteetan lasai egongo naiz eta ondoren zer egin pentsatuko dut. Zerbait ikasten hasiko naiz. Joga, adibidez. Orain arte, beti ziztu bizian aritu naiz. Bidai batzuk ere egin nahi ditut. Orain egingo ditut, gehiago zahartu aurretik. Familiarekin egon ere bai. Lasaiago joango naiz bazkarietara.
Zer gertatu behar da Kakueta kafetegiarekin?
Neska batek hartu behar du. Nik asteazkenean utziko dut eta bera ostegunean hasiko da. Ez da itxita egongo. Bezero finko asko ditugu eta horiei ezin diegu kale egin. Denak berdin-berdin jarraituko du.