Sutobal enpresak Kalebarrenen egin dituen etxebizitzetako giltzak eman dizkie dagoeneko erosleei. 27 etxebizitza eta 28 garaje egin ditu. Erosleak etxebizitzak hornitzen ari dira jada eta otsailean eta martxoan zehar joango dira bertara bizitzera.
Kalebarren 2ko etxeak ikusmin handia piztu du, herri erdian baitago eta historia handia zuten etxe batzuk zeuden tokian egin baita.
Kalebarren Zumarragako kale zaharrenetakoa da eta bertako etxe asko egoera txarrean daude. Udalak 25 urte daramatza Kalebarren zaharberritu nahian eta lehen pausoa etxe hau egitea izan da. Beste eraikin batzuk ere bota dira eta aurki Sutobal enpresak Forjas eremuko obra hasiko du. 120 etxebizitza eta plaza handi bat eraikiko dira. 76 etxebizitza promozio librekoak izango dira eta 44 babes ofizialekoak.