Otsailaren 8an Zelai Arizti aretoan emango dute
Uxue Kerejeta trikitilari zumarragarrak Maurizia Aldeiturriaga panderojole eta abeslari bizkaitarraren omenezko dokumentalean parte hartu du. ‘Aire!’ dokumentala otsailaren 8an Zumarragan emango dute: 20:15ean, Zelai Arizti aretoan. Euskaraz emango dute, gaztelerazako azpitituluekin. Sarrerak 3 euro balio du.
Dokumentala Gentzane Martinez de Osabak zuzendu du. Horra hor sinopsia: “Arratia bailararen bihotzean, hamahiru gaztek Maurizia Aldeiturriagaren musikan oinarritutako musika pieza bat sortuko dute. Maurizia, XX. mendearen hasieran euskal musika herrikoia goitik behera aldatu zuen panderojole ikonikoa izan zen. Musika tradizionaleko hiru adituk lagunduta eta Mauriziaren eraginpean, gazte hauek sormen prozesu paregabe batean murgilduko dira. Eta bertan, musikalki heldu eta beren ahotsa ezagutuko dute. Aire! abentura musikala da, musikaren ahalmen eraldatzailea, naturalaren edertasuna eta tradizioa erakusten dituena”.