Urola Garaiko emakumeen etxearen muralaren diseinua aukeratu ondoren, Concetta Probanzak sortzaile urretxuarrak margoketa lana egin du.
Prozesu hau Arteria-Errizomaren laguntzarekin burutu da. Muralaren diseinua Probanzak egin du. Artista urretxuarrak bi proposamen egin zituen. Ondoren, emakumeen etxearekin harremana duten eta izan duten emakumeen artean galdeketa egin zuten eta argazkian ageri den lana izan zen bozkatuena. 166 erantzun jaso ziren eta horietatik 92k egin zuten lan horren alde.
Probanzak “emakume-etxe” ideia hautsi nahi du. “Ugaltze eta zaintza gaitasunen bidez irudikatzen gaituen ideia, alegia. Emakumeen etxea emakumeez osatuta dago eta emakumeek egiten dute, beren arteko ahizpatasunaren bidez”.