Sukaldanitzak egitasmoaren seigarren edizioan Luis Mari Perez omenduko dute
Aurten ere, Urretxuko Udalak, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren bitartez, Sukaldanitzak sukaldaritza ikastaroa antolatu du. Urretxun jaiotakoek eta Urretxura bizitzera etorritakoek elkarrekin kozinatuko dute eta, hala, herrialde ezberdinetako sukaldaritza ezagutzeko aukera izango dute. Helburua aniztasuna eta bizikidetza sustatzea da. Seigarren edizio honetako saioak otsailaren 24an, martxoaren 9an eta martxoaren 23an izango dira.
Maialen Fidalgo zinegotziak ekimena finkatuta dagoela, herritarren artean ezaguna dela, eta bizirik dagoela esan du. “Urtero plater berriak eta jende desberdina erakartzen ditu”.
Sukaldanitzak otsailaren 24an hasiko da, atzerriko sukaldaritza tailerrekin. Martxoaren 9an ere atzerriko sukaldaritza ikasteko aukera egongo da eta martxoaren 23an, berriz, bertako sukaldaritza tradizionala. “Oso saio berezia izango da, urtetan gurekin lanean aritu den Luis Mari Perez, Pitxini omenaldi txikia egingo baitiogu denon artean”.
Saio guztiak 10:30etik 14:30era egingo dira Goierri elkartean eta izen-emate epea zabalik dago. Saio bakoitzean 10-15 lagun elkartuko dira. Hasteko, erosketak egitera joango dira. Ondoren, aste horretako platera kozinatzen ikasiko dute. Bukatzeko, parte hartzaile guztiek elkarrekin bazkalduko dute.
Fidalgok herritar guztiei gonbita luzatu die. “Jarduerak gure aniztasun sozial eta kulturalaren aberastasuna aprobetxatu nahi du eta, aldi berean, giro atseginean elkar ezagutza bultzatu. Beraz, deitu 693 900 568 telefono zenbakira edo idatzi aniztasuna@urretxu.eus helbidera. Animatu parte hartzera!”.