6 urte zituenean, Iñigo Salegi Urretxuko bandaren aurrean jarri zen eta zuzendaria imitatu zuen. 14 urte ondoren, bandan jotzen du eta Jesus Castillejo zuzendariak kontzertu bat zuzentzeko aukera eman dio.
Iñigo Salegi urretxuarra umetatik da musikazalea. 6 urte zituenean, inauterietako kalejiran, Urretxuko bandaren aurrean jarri zen eta zuzendaria imitatu zuen. Egun, bandan jotzen du. Gabonetako kontzertuan, Jesus Castillejo zuzendariak banda zuzentzeko aukera eman zion. Castillejok harrobia ondo lantzen du eta halako harribitxiari aukera eman behar zaio!
Salegiri familiatik datorkio musika zaletasuna. “Aita [Inaxio Salegi] eta lehengusina bat ere musikariak dira. Aitari musika asko gustatzen zaio eta umetatik bere ondoan ibili naiz. Gaztetan denetik jotzen zuen: danborra, tronboia… Egun, tuba jotzen du. Gehiena bere kasa ikasi zuen. Aita izan ondoren, musika eskolan hasi zen eta tuba jotzen ikasi zuen”, azaldu du.
Bere aitak talde askotan jo du. “Egun, Urolatarrak txarangan, Mendaroko txarangan eta Legazpiko bandan jotzen du”. Semeak 20 urte egin ditu, baina berak ere dagoeneko ibilbide polita egin du. Musika eskolan perkusioa, bonbardinoa eta tronpeta jotzen ikasi zuen. “Ikastolan nota txarrak atera nituelako, bonbardinoa kendu zidaten. Eta ortodontzia jarri zidatenean tronpeta jotzeari utzi nion. DBH4an musika nire ogibidea izango zela erabaki nuen. Batxilergoa egin nuen eta egun musika ikasketak egiten ari naiz Donostiako kontserbatorioan. Perkusioa ikasten ari naiz. Sei ikasturte dira eta laugarrenean nago. Oso gustura nabil. Musikan buru-belarri aritzea nire ametsa baitzen”.
Perkusioa umetatik du gustuko. “Beti gustatu zait danborra jotzea. Oraindik haizezko instrumentuak ere jotzen ditut, baina perkusioa dut gustukoen. Urolatarrak txarangan, Mendaroko txarangan, Xaukena elektrotxarangan eta Urretxuko eta Zumarragako bandetan jotzen dut.
Batzuetan Legazpiko bandan ere jotzen dut. Musika klasikoa da gehien gustatzen zaidana, baina gainontzeko guztiak ere gustatzen zaizkit”.
Bere ametsa musika irakaslea izatea eta banda bat zuzentzea da. Hala, asko poztu zen Castillejok Urretxuko bandaren Gabonetako kontzertuan pieza bat zuzentzeko aukera eman zionean. “Berak proposatu zidan. Umetan, inauterietako kalejiran, espaloitik banda zuzentzen nindoan. Jesusek bere ondoan jartzeko esan zidan eta biok zuzendu genuen. Jesusek pasadizo hori ahaztu ez eta iaz inauterietako kalejira zuzentzeko aukera eman zidan. Gabonetako kontzertuan ere banda zuzentzeko aukera eman zidan. Ez dut zuzendari ikasketarik egin, baina aurrerago ikastaroren bat egingo dut beharbada. Banda bat zuzentzea gustatuko litzaidake”, amaitu du.