Bere helburua profesional mailara pasatzea da. Espainiako Kopako probetan parte hartuko du. Lehenengo lasterketa asteburu honetan du, Murtzian.
Alex Diaz txirrindulari urretxuarrak Caja Rural taldearekin fitxatu du, Elite mailako lehen denboraldia egiteko. Bere asmoa profesional mailara salto egitea da. Horretarako, Espainiako Kopako probetan parte hartuko du eta ahalik eta lan onena egiten saiatuko da. Lehen proba asteburuan du, Murtzian (Espainia).
Caja Rural taldearekin fitxatu aurretik, Eulen eta Baque taldeetan aritu da. “Baqueren 23 urte azpiko taldea desagertu egin da. Gainera, Baque taldean hiru denboraldi eman ditut eta aldatzeko garaia zela iruditu zait. Izan ere, aurten 23 urte azpikoen mailatik Elite mailara pasa naiz. Baque taldean oso gustura nengoen, baina egutegia murriztu egingo litzaidake: 23 urte azpikoentzat zuten egutegia ezin hobea zen niretzat, baina Elite mailan murriztu egingo litzateke. Gainera, Baqueren filosofia 23 urte azpikoei aukerak ematea zen”.
Profesional mailako taldea duen talde batera joan nahi zuen eta bere helburua lortu du. “23 urte azpikoetan eman ditudan urte hauetan oso argi ikusi dut: filial batean daudenak bakarrik igotzen dira profesional mailara. Laboral Kutxakoak Euskaltel-Euskadira igotzen dira, Finisherrekoak Kern Pharmara eta Caja Ruralekoak profesional mailako Caja Ruralera. Gainontzekoak ez dira igotzen”.
Oso gustura dago Caja Ruralen. “Denboraldia aste honetan hasiko dugu, Murtzian. Abenduan kontzentrazioa egin genuen, Almerian (Espainia). Oso gustura egon nintzen, taldekide berriak ezagutzen. Batzuk dagoeneko ezagutzen nituen, astebururo elkarrekin egon baikara tropelean”.
Bere helburua profesional mailara salto egitea da. “Taldekide guztion helburua da. 23 urte azpikoen mailan lehen denboraldia duenak ez du presarik, baina nik lehenbailehen igo beharra dut. Badakit urte gutxi gelditzen zaizkidala, baina ez diot nire buruari presiorik jartzen. Denboraldiaurre polita egin dut, ondo entrenatu dut, eta ea dena ondo ateratzen den”.
Denboraldia bi zatitan banatzen da: Espainiako Kopa maiatzera arte, gero Espainiako Txapelketa eta ekainetik aurrera, bigarren zatia. “Espainiako Kopa egiteko asmoa dut. Hamaika lasterketa dira. Horien artean, Legazpiko Santikutz eta Eibarko (Gipuzkoa) Balentziaga. Nire helburu nagusia bi lasterketa horiek dira. Gainera, batera dira: Legazpikoa maiatzaren 1ean eta Eibarkoa maiatzaren 5ean. Iazkoa hobetzea zaila izango da, Santikutzen hirugarren postuan sailkatu bainintzen”.
Lehenengoz Espainiako Kopako lasterketa guztietan parte hartuko du. “Euskal Herrian hiru proba bakarrik daude, aipatutako biak eta Asteasuko Aiztondo, eta orain arte nik hiru horiek bakarrik egin ditut. Aurten, guztiak egingo ditut. Gainontzekoak ez ditut ezagutzen eta hori desabantaila da, baina esperientzia nire alde dut eta gainera oso txirrindulari erregularra naiz. Ez naiz oso irabazlea, baina beti lehenengo 15-20ean sartzen naiz. Espainiako Kopan lehenengo 40ek puntuatzen dute”.
Diazek bosgarren urtea du afizionatu mailan. “Bost urte hauetan gauza asko aldatu dira. Errendimenduaz gain, nire gorputza ere bai. Lehen urtean 54 kilo nituen eta egun 62 kilo pasa. Urte hauek oso azkar pasa dira”.
Asko nabaritzen du pisua hartu izana. “Ordekan asko nabaritzen dut. Lehen asko sufritzen nuen. Dagoeneko ondo defendatzen naiz, baita haizeak jotzen duenean ere. Beharbada mendate luzeetan pisu gutxiagorekin hobeto ibiliko nintzateke, baina iaz Gorlan ondo aritu nintzen. Pisua hartzeak mesede egin dit. Gainera, ez naiz horren bila joan. Entrenatzearen ondorioa izan da”.
Ez da garailea, baina bai oso erregularra. “Esprintetan gaizki moldatzen naiz, baina aldapa gora eta ihesaldietan ondo. Talde batean iristea eta irabaztea zaila da, baina ikasten ari naiz. Aurten albokoari eskulekua sartzen ikasi dut. Indarrik ez dudanez, ondo mugitzen saiatzen naiz”.
Afizionatu mailan ez du lasterketarik irabazi oraindik, baina Caja Rural taldean helburua lortzea espero du. “Iaz oso zaila zen irabaztea, lasterketa guztiak filialetako txirrindulariek irabazi baitzituzten. Aurten, talde indartsuago batean nagoenez, taldekideen babesarekin lasterketaren bat irabaztea espero dut”.
Profesional mailara salto egitea lortuko balu, hirugarren herritarra izango litzateke. “Xabier Isasarekin bederatzi urte egin nituen Goierri taldean eta futbolean eta pilotan ere elkarrekin aritu ginen. Xabier eta Nicolas Alustiza hor ikustea oso pozgarria da. Gainera, itxaropena ematen dit. Duela gutxi beraiekin lehiatzen nintzen eta ez zeuden nigandik hain urruti”.
Txirrindularitzak ez du bere garai onena bizi eta Diazek badaki aurrera egitea oso zaila dela. Hori dela eta, gogor entrenatzeaz gain, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egin du Santanderren (Espainia). Egun, Goi Errendimendua Kirol Ziklikoetan masterra egiten ari da. “Prestaketari bideratutako masterra da: korrika, igeriketa, txirrindularitza, triatloia… Oso gustura nago”.