Urretxuko Udalak Trekutzeko zentral eolikoari egindako alegazioak jasotzen dituen dokumentua bidali zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen departamentura.
90 orrialdeko dokumentua da. Ingeotyc enpresaren laguntzarekin egin da eta hamahiru alegazio jaso dira. Lehenengoetan baimen eskaeran akatsak egin direla jaso da: akatsak aurkeztutako dokumentazioan, txosten eta neurketa falta… Gainera, ingurumen-inpaktu azterketak gabeziak dituela alegatu da.
Beharrezko neurketa guztiak falta direnez, ez dago jakiterik zentral eolikoa egin nahi duten tokian behar bezainbeste haize dabilen. Izan ere, ez da haizearen abiadura neurtuko duen dorre meteorologikorik instalatu, ezta datu historikorik eskaini ere.
Gainera, Urretxuko Udalaren ustez, Trekutzen egin nahi den zentral eolikoak ez du kabidarik aldundiaren Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetiko Estrategian. Izan ere, aldundiak megavatt bat baino gutxiagoko zentral eolikoak bakarrik aurreikusten ditu (autokontsumorako). Trekutzekoak 10 megavatt izango lituzke eta bere helburua elektrizitate banaketa izango litzateke.
Bestalde, Trekutzeko zentralak herri bat baino gehiago hartuko lituzkeenez, udalak baimena Lurralde Plangintza Sektorialaren baitan eman beharko litzatekeela uste du.
Horretaz gain, udalak Trekutz (Antzuola-Urretxu) eta Buruzai (Azkoitia-Azpeitia-Ezkio-Zumarraga) zentral eolikoak egitasmo bakarraren zatiketa direla eta baimen bateratua eskatu beharko litzatekeela uste du. Zatiketa hori lege iruzurra izan daitekeela uste du. Hala, aldundiaren Ingurumen zuzendaritzak zehazten duen moduan, ingurumen-inpaktu azterketa bateratua egin beharko litzateke.
Alegazioen dokumentuan zentral eolikoa toki askotatik ikusten den gailurreria batean egin nahi dela eta, beraz, paisaiaren kalitatea kaltetuko litzatekeela ere jaso da. Gainera, Beasain-Zumarraga Lurralde Plan Partzialean gune horretan aisialdi gune bat egitea aurreikusten da. Bestalde, Arrasate-Bergara Lurralde Plan Partzialean Irukurutzeta-Sorus-Itxumendi-Gorla-Trekutz Natura Intereseko Gunea Trekutzera zabaltzea proposatzen da, balio handiko paisaia eta natur gunea delako.
Bestalde, zentral eolikoaren eraikuntzak txoriei eta saguzaharrei kalte egingo lieke. Baita Iturrondi ur hornidura puntu publikoari eta Santa Barbara-Ipeñarrieta parkeari.
Hori guztia gutxi balitz, zentral eolikoa Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin bateragaitza da. Izan ere, Plan Orokorraren arabera, zentrala urbanizagarria ez den toki batean egin nahi da. Are gehiago, eremu babestua da.