Alex Diaz txirrindulari urretxuarrak garaipena lortu du denboraldiko lehen lasterketan: Murtziako Vuelta al Guadalentin itzuliko lehen etapan, hain zuzen ere. Hala, liderrari dagokion maillot hori jantzi du. Alex Diazek Caja Rural taldearekin fitxatu du profesional mailara salto egiteko asmoarekin eta denboraldia modu ezin hobean hasi du.
Lasterketa atzo (ostirala) izan zen. Diaz esprintean nagusitu zen, Puerto Lumbrerasen. Aste honetan bertan Goierriko Hitzari emandako elkarrizketan, Diazek esprintean ez dela oso azkarra baino ondo kokatzen ikasi duela esan du.
Diaz oso pozik ageri da. “Oso pozik nago, Caja Ruralekin egin dudan lehen lasterketa irabaztea lortu dudalako. Ez nuen espero. Azken taldetxoan Caja Ruraleko bakarra ni nintzen eta odol hotzez jokatu behar izan dut. Zorionez, elkarrekin iritsi gara esprintera. Itzuliak hiru etapa ditu eta azken biak luzeak dira. Denboraldi hasieran gaudenez, gogorrak izango dira”, aurreratu du.