|
Ostadar mendi taldeak 190 sinadura jaso ditu Trekutz-Zazpi Puntak eta Izazpi-Samiño-Oleta mendietan egin nahi diren zentral eolikoen aurka (105 Trekutzen alde eta 85 Oletaren alde). Joan zen astean entregatu zituen Azkoitian eta Antzuolan. Azpeitiko Sañu Bizirik eta Azkoitiko Oletan ere Ez! taldeek bildutako alegazioekin batera (paperean zein Internetez), 2.595 sinadura jaso dira Buruzai izeneko zentral eolikoaren kontra. Trekutzeko zentral eolikoaren aurka, berriz, 2.621 sinadura jaso dira.
Bestalde, asteartean Azkoitiko Anaitasuna Mendi-bazkunak, Azpeitiko Lagun Onak Mendi-bazkunak eta Ostadar Mendi Taldeak Oleta-Samiño-Izazpi kordaleko mendi ibilbideak eta Zintzo-Mintzo bidez jasotako kultur informazioa oinarri dituen alegazio tekniko bat aurkeztu zuten Gipuzkoako Mendi Federazioarekin batera Eusko Jaurlaritzaren erregistroan. Ostadarrek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten guztiei. “Alegazioak aurkezteko epea amaitu bada ere, ez da geldi egoteko garaia eta datozen hilabeteetan herriko beste elkarteekin batera ekintza desberdinetan parte hartuko dugu. Gogoan izan behar dugu Green Capital enpresak Karakate mendian gauzatu nahi zuen zentral eolikoa bertan behera utzi duela enpresak. Sañu Biziriken eta Oletan ere Ez!-en arabera, herritarren presioak gelditu du Green Capitalen asmoa: mendiek, mendi eta herritarren bizileku, aisialdirako gune eta ogibide izaten jarraituko badute, gelditzen zaizkigun berdegune urri horiek zaintzea dagokigu. Hori hala, herritarrei dei egiten diegu dauden lekutik beren alea jartzera”. |