Bihartik aurrera inauteriak ospatuko dira Urretxun eta Zumarragan. Bihar, Ostegun Gizen egunean, ogitartekoak eta laranjak banatuko dituzte ikastetxeetan. Ostiralean ikastetxeen festak egingo dituzte. Gainzuriren festa kiroldegian izango da (eguraldi ona egiten badu, Gernikako Arbola plazan). Urretxu-Zumarraga ikastolak eta La Salle-Legazpik, eguraldiak uzten badu, desfileak egingo dituzte. 16:30etik 19:30era, berriz, DJ festa egingo dute Zumarragako Trintxerako karpan.
Larunbatean makina bat ekitaldi egongo da. 09:00etan Lurra dantza taldekoak Iparragirre plazan elkartuko dira eta Urretxuko baserrietara joango dira herri inauteria egitera (Tuterako polka dantzatuko dute), 11:30ean Iparragirre Balerdi musika bandak kalejira egingo du Urretxuko kaleetan, 12:30etik 14:30era txaranga batek Urretxu eta Zumarragako kaleetan joko du, 17:00etan musika eskolako ikasleek desfilea egingo dute eta 18:00etan DJ festa egingo dute Gernikako Arbola plazan. Igandean, 09:00etan, Lizarriturri txistulari taldeak inauterietako kalejira egingo du.