Uxue Kerejetak Mauriziaren omenezko dokumentalean parte hartu du. Zumarragan emango dute bihar: 20:15ean Zelai Arizti aretoan.
Uxue Kerejeta trikitilari zumarragarrak Maurizia Aldeiturriaga panderojole eta abeslari bizkaitarraren omenezko dokumentalean parte hartu du. Aire! dokumentala bihar (osteguna) Zumarragan emango dute: 20:15ean, Zelai Arizti aretoan. Euskaraz emango dute, gaztelerazako azpitituluekin. Sarrerak 3 euro balio du.
Dokumentala Gentzane Martinez de Osabak zuzendu du. Arratia bailararen bihotzean, hamahiru gaztek Maurizia Aldeiturriagaren musikan oinarritutako musika pieza bat sortuko dute. Maurizia, XX. mendearen hasieran euskal musika herrikoia goitik behera aldatu zuen panderojole ikonikoa izan zen.
Musika tradizionaleko hiru adituk lagunduta eta Mauriziaren eraginpean, gazte hauek “sormen prozesu paregabe batean” murgilduko dira. Eta bertan, “musikalki heldu eta beren ahotsa ezagutuko dute”. Egileen arabera, Aire! “abentura musikala” da, “musikaren ahalmen eraldatzailea, naturalaren edertasuna eta tradizioa erakusten dituena”.
Kerejetak Carlos Sagi perkusionistaren eskutik parte hartu du proiektu honetan. “Dokumentala 2022ko udan grabatu genuen. Bi aste eman genituen Bizkaiko Mandoia aterpetxean: bata uztailean eta beste irailean. Elkarbizitza oso aberasgarria izan zen eta hainbat gai lantzeko aukera izan genuen”.
Asko ikasi zuela dio. “Bi aste pertsona berekin egon nintzen. Oso intentsoa izan zen. Asko ikasi nuen”. Helburua abesti bat sortzea zen. “Mauriziaren abestien zati ezberdinak hartu genituen eta beraiekin pieza bat sortu genuen. Sagi eta Iraide Ansorena izan ziren sormen prozesuaren ardatza. Beraiena izan zen hasierako ideia. Nire ekarpena abestiari freskotasuna ematea izan zela esango nuke”.
Zumarragarrari ilusioa egin dio egitasmo honetan parte hartzea, Maurizia miresten baitu. “Mauriziaren indarra azpimarratuko nuke. Bere kantatzeko modua bakarra zen. Entzun eta berehala jabetzen zara bera dela. Gainera, nik asko begiratzen dut kantatzeko modua”.
Parte hartzaileen artean kataluniar batzuk zeuden eta Kerejetarentzat oso pozgarria izan zen beraiei Mauriziari buruz hitz egitea. “Beraiek ez zuten Maurizia ezagutzen eta oso berezia izan zen beraiei Mauriziari buruz informatzea”.
Zumarragako trikitilariak lanean jarraitzen du. “Urtea amaitu baino lehen kantaren bat aurkeztea espero dut. Bestalde, Julen Alonso trikitilari oriotarrarekin jotzen hasi behar naiz. Nik panderoa jo eta abestu egingo dut”.