Oier Ibarluzea urretxuarrak lau t'erdiko txapelketan parte hartuko du. Hilaren 28an jokatuko du final laurdenetako partida.
Bihar (asteazkena), 18:30ean, Xabier Goñiren oroimenezko pilota txapelketaren 32. edizioa hasiko da Zumarragako Beloki pilotalekuan. Lehenengo partida pilota eskolako haurrek jokatuko dute. Ondoren lau t’erdiko txapelketakoa jokatuko da eta bukatzeko binakako txapelketakoa.
Lau t’erdiko txapelketari dagokionez, Harkaitz Muruak eskuko minez dagoen Beñat Apezetxearen tokia hartuko du. Murua aurrelari altzotarrak Asperekin aurre kontratua sinatu du. Gipuzkoako txapelduna da kaiolan eta Mikel Leonet oiartzuarraren aurka jokatuko du. Azken honek Gipuzkoako hiru txapelak jantzi zituen iaz gazte mailan. Herrialdeko bi promesa sendoen arteko lehia izango da, beraz.
Binakako txapelketari dagokionez, Zubizarreta ataundarrak eta Lizeagak, Amiano eta Balerdiren aurka jokatuko dute. Baikoko entrenamenduetan ohikoa den Unai Amiano irundarrak 19 urte ditu eta bere ezker besoagatik nabarmentzen da batez ere. Atzean, Antzuolako Manex Balerdiren laguntza izango du. Balerdik Espainiako, Europako eta Munduko txapelketetan txapelak lortu ditu. Bere aita zumarragarra da.
Beñat Zubizarreta ataundarra, Iraitz profesionalaren anaia, Baiko enpresaren orbitan dago. Teknikoki oso dotorea da eta anaia nagusia baino pilotari luzeagoa da. Bere bizkarrak zaintzen, Markel Lizeaga beteranoa izango du.
Txapelketako partiden aurretik, Beloki pilota eskolako haurrek jokatuko dute. Iker Azarola eta Mikel Garcia, Ager Camino eta Markel Gabirondoren aurka lehiatuko dira.
Sarrerak 4 euro balio du, baina txapelketa osoko partidak ikusteko aukera ematen duen bonua ere salgai jarri dute. 25 euro balio du.
Asteazkenero partidak jokatuko dira. Finalak martxoaren 27an izango dira. Oier Ibarluzea urretxuarrak ere parte hartuko du. Final laurdenetako partida otsailaren 28an jokatuko du, Sarasibarren aurka.