Gaur arratsaldean giza katea egin dute Zumarragako Euskadi plazatik Urretxuko Gernikako Arbola plazara, Gernika-Palestina ekimenak deituta, Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna lemapean.
Ekitaldiaren amaieran agiri bat irakurri dute.
“Hemen gaude berriro ere Palestinaren aurka hilabete guzti hauetan egiten ari diren, eta egunotan jarraitzen duen sarraskia salatu eta Palestinari elkartasuna adierazteko. Berriro ere ozen diogu genozidioa dela Palestinan gertatzen ari dena, ez du beste hitzik, sarraskia da Palestinan gertatzen ari dena. Eta erantzuleak izena dauka, Israelgo estatu sionista!
Hilabete guzti hauetan egoerak hobera egitetik urruti irudi latzak eta krudelak biderkatu egin direla ikusi daiteke. Eta, testuinguru honetan premiazkoa da, behingoz, Palestinar lurraldearen eta bertako herritarren aurka egiten ari den sarraskia etetea. Sarraskia gelditzeaz aparte, beharrezkoa da sistematikoki Palestinari egin zaizkion mota guztietako eskubide urraketak, indarkeria eta sionisten menderatze politikak ere gelditzea. Ez baita ahaztu behar Palestina herri ukatua eta inbaditua dela.
Hori horrela, berandu baina lehen egoera honi irtenbidea eman behar zaio, eta beraz, ezinbestean, Palestinari estatu propioa izateko eskubidea aitortu eta garatzea bermatu behar zaio.
Norabide horretan mobilizatzea eta presio egitea da Palestinari eta haren askatasunari egin diezaiokegun ekarpenik handiena. Euskal Herritik, Israelgo estatu genozida, bere konplize den AEB inperialista eta Europar Batasunaren ekinbide txepela salatzen ditugu irmoki, eta gure elkartasunik beroena luzatzen diogu Palestinari eta bertako herritarrei , Palestinaren alboan izango gara beti! Gora herri askeak! Gora Palestina!”.