Urretxu eta Zumarragako EH Bilduk Capital Energyren zentral eolikoen aurkako alegazioak babestu dituzte
Urtarrila amaieran Urretxu eta Zumarragako udalek alegazioak aurkeztu zizkieten Irimo eta Buruzaiko parke eolikoen aurreproiektuei eta ingurumen inpaktuaren azterketei. Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk gai horren inguruan egindako lanaren berri eman dute. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“Zumarraga eta Urretxuko EH Bilduko udal taldeek dagokigun papera jokatu dugu, lan isilean, udal desberdinen arteko elkarlana bultzatzen, alegazioak aurkez zitezen.
Zentzu horretan, Urretxuko eta Antzuolako udalek Irimo-Trekutz parke eolikoari ezarri dizkiote alegazioak, eta, era berean, Azpeitia, Azkoitia, Ezkio eta Zumarragako udalek Buruzaiko parke eolikoari.
Klima larrialdiak trantsizio energetiko batetara derrigortzen gaitu, honek dakarren erronka ekosozialarekin. Euskal Herriak energia kontsumo handiak ditu; kanpotik etorritako energiaren mende dago (>%85); energia fosilen oso mendean (%80), guztiak ere kanpotik datozenak; eta energia berriztagarrien presentzia urria da (%14).
Ondorioz, gure energia kontsumoa era esanguratsu batetan murriztuko beharko dugu, eta horrekin batera erregai fosilak baztertu. Horretarako, energia berriztagarrien aldeko apustua egitea beste biderik ez dago. Baina bide honetan, denak ez du balio.
Hasteko, bi azpiegitura hauek Capital Energy enpresak proposatu ditu eta proiektuak aurkeztu ordez, aurreproiektuak bakarrik aurkeztu ditu. Bi parkeetako alegazioetan salatzen dena da, besteak beste, proiektu bakarra aurkeztu beharrean, zatiketa artifizial bat egin dela. Zatiketa hau gabe, eskala handiko azpiegitura moduan katalogatu beharko litzateke, eta ondorioz, Euskadiko Energia Berriztagarrien PTSaren enplazamendu potentzialetatik kanpo geratuko litzateke. Dena dela ere, proiektu hauek hirigintzako planeamentuekin bateraezintasun larriak dituzte.
Bestalde, ondare naturalean eragin larria izango lukete bi azpiegitura hauek eta zer esanik ez ondare kultural eta arkeologikoetan. Ondare hauen babesari dagokionez, proiektuek inkongruentzia eta bateraezintasun ugari dituzte.
Planteatutako bi eremu hauetan ez da haize neurketekin osatutako justifikazio teknikorik aurkeztu eta haize errotek hegaztietan edukiko luketen eraginaren inguruko inongo azterketarik ere. Ondorioz, horrelako proiektu batek izapidetzan beharko luken bikaintasuna ez da inondik inora ageri.
Ikuspuntu politiko batetik aztertuta, gainera, Capital Energy enpresaren planteamenduak eredu estraktibista bati erantzuten dio: energia hemen sortu, kanpoan saldu eta bertan onurarik utzi gabe. Enpresak argi eta garbi adierazi du jabetza sozializatzearen aurka dagoela, hau da, inguruko enpresa, norbanako, nola erakunde publikoek ez dute aukerarik izango azpiegitura hauetan parte hartu ahal izateko. Ondorioz, azpiegitura honek ez dio inguruko herrien garapen sozioekonomikoari eta herritarren ongixateari inongo onurarik ekarriko.
Hau dena kontuan izanik, Urretxu eta Zumarragako EH Bildu proiektu honen aurka dago eta bide honetan udalek aurrera ematen dituzten urratsak babesten jarraituko dugu”.